Politika -
Katalunia
Polizia eta Guardia Zibila Parlamentua zaintzen ari dira, inbestidura ekiditeko
Kataluniako Parlamentuaren estolderia ikuskatu dute eta kontrol-neurriak zorroztu dituzte mugan eta aireportuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Barne Ministerioak polizia-operazioa jarri du abian Katalunian, Carles Puigdemont Generalitateko presidente izendatzea ekiditeko.
Plan horren baitan, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Kataluniako Parlamentuko estolderia ikuskatu dute eta kontrol-neurriak zorroztu dituzte Kataluniako mugan eta aireportuetan, Europa Press agentziak polizia-iturriak aipatuta zabaldu duenez.
Poliziek Kataluniako Parlamentua dagoen zitadelako lurpea miatu dute asteazken honetan, horretarako eskumenik ez badute ere. Segurtasun eskumena Esquadra Mossoei dagokie. Kataluniako Polizia autonomikoak adierazi du inbestidura saioaren egunean ikuskatu dituztela estolderiak, ohiko protokoloari jarraituta.
Generalitateko presidentea izendatzeko inbestidura saioa urtarrilaren 30ean izango da.
Carles Puigdemontek esan du egun horretan Parlamentuan egon nahi duela, baina erantsi du hara joan barik ere badaudela "beste aukera batzuk" saioan parte hartzeko.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin bildu ostean egin ditu adierazpenok.
Carles Puigdemont da presidentegai bakarra.