Politika -

Katalunia

Joaquim Fornek uko egin dio Kataluniako Parlamentuko eserlekuari

Bere defentsa juridikoa prestatzeko eta kartzelatik lehenbailehen irteteko asmoz eman du dimisioa Junts per Catalunyako diputatuak

Joaquim Forn. Artxiboko argazkia: EFE
Joaquim Forn. Artxiboko argazkia: EFE
Joaquim Forn. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquim Fornek Junts per Catalunyako diputatu kargua utzi du, arrazoi pertsonalak tarteko, bere defentsa juridikoa errazteko eta espetxetik ateratzea lortzeko, EFE agentziak alderdi horretako iturriak aipatuta zabaldu duenez.

Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri zuenean kargugabetu zuen Generalitateko Barne kontseilaria. 2017ko azaroaren 2tik espetxean dago, Estremeran (Madril), Oriol Junquerasekin batera.

Joan den abenduaren 21eko hauteskundeetan parte ez hartzea pentsatu zuen, baina azkenean aurkeztu egin zen, Junts per Catalunyaren hautagaitzaren 7. postuan. Alabaina, oraingoan kargua uztea eta albo batera egitea erabaki du, El Nacional egunkariak jakinarazi duenez.

Fornek Kataluniako Parlamentuan utzitako eserlekua Antoni Morralek hartuko du.

Generalitateko presidente berria aukeratzeko saioa datozen egunetan egingo dute, beranduenez urtarrilaren 31n. Carles Puigdemont da hautagai bakarra.

Bitartean, Belgikan dauden Junts per Catalunya eta ERC alderdietako diputatuak ere bere eserlekuari uko egiteko aukera aztertzen ari dira, inbestidura saioan independentistek gehiengo absolutua izango dutela bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur