Politika -
Katalunia
Roger Torrent (ERC) aukeratu dute Kataluniako Parlamentuko presidente
Bigarren bozketan hautatu dute errepublikanoa. Junqueras, Forn eta Sanchez preso dauden diputatuek botoa delegatu dute; ez, ordea, Bruselan daudenek.
Eider Garaikoetxea | EiTB.EUS
Roger Torrent (ERC) da Kataluniako Parlamentuko presidente berria. Hautagai errepublikanoa bigarren bozketa batean aukeratu dute, lehenengoan ezein hautagaik —Torrent bera eta Jose Maria Espejo-Saavedra Ciutadanseko hautagai— ez baitu beharrezkoa zen gehiengo osoa lortu (68 boto).
Bigarren bozketan hautagai errepublikanoak eskuratu ditu boto gehien (65); Espejo-Saavedrak (Cs), 56. Catalunya en Comu-Podem koalizioko kideek eta beste taldeko diputatu batek zuri bozkatu dute.
Kataluniako Parlamentuak izan duen presidente gazteena da Torrent (38 urte ditu), demokraziako bederatzigarrena eta ERC alderdiak duen laugarrena —Heribert Barrera (1980-1984), Ernest Benach (2003-2010) eta Carme Forcadell (2015-2018)—.
Lehen bozketan ere emaitza bera izan da: 65 diputatuk egin dute Torrenten alde (ziurrena ERCkoek, JxCATekoek eta CUPekoek), 56k Espejo-Saavedra babestu dute (itxura guztien arabera, Ciutadansekoek, PPkoek eta PSCkoek) eta Catalunya en Comu-Podemeko zortziek eta beste talde bateko batek zuri bozkatu dute. Bozketa sekretua da.
Bozketan zehar, ganberan falta ziren zortzi hautetsien izenak (hiru preso daude, eta beste bostak, Bruselan) entzutean txalo egin dute diputatu independentistek. Horrez gain, JxCAT eta ERC alderdiek xingola horiak (elkartasun sinbolo bilakatu da) jarri dituzte falta ziren diputatuen eserlekuetan.
Marta Rovira (ERC), xingola horiekin apaindutako eserlekuen artean. Argazkia: EFE
Kataluniako erakundeak lehenagoratzeko deia egin du Torrentek
"Lehen baino lehen" Kataluniako erakundeak "lehengo egoerara ekartzeko" lan egiteko deia egin du Torrentek bere lehen hitzaldian. Halaber, 155. artikuluaren harira, "erakundeen esku-hartzeari" berehala amaiera emateko eskatu du. Legealdi honetan "politika gai guztien erdigunean" egoteko "lan nekaezina" egingo duela esan du Kataluniako Parlamentuko presidente berriak.
Torrentek espetxe prebentiboan dauden hiru diputatuak gogoratu ditu, baita Bruselan dauden bostak ere. Era berean, Carme Forcadell aurreko Ganbarako presidentearentzat esker oneko hitzak izan ditu.
Honako esaldiarekin bukatu du presidente berriak bere hitzaldia: "Visca la democràcia i visca Catalunya" (Gora demokrazia eta gora Katalunia); ondoren, "Llibertat" oihuak entzun dira diputatu independentisten aldetik.
Parlamentuko Mahai berria, osatu berritan. Argazkia: EFE
Boto delegatua
Preso dauden hiru diputatuek —Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Joaquim Forn— euren botoa Marta Roviraren (ERC) eta Jordi Turullen (JxCAT) bitartez ematea eskatu dute. Puigdemont presidenteak eta horrekin batera Bruselan diren lau diputatuek, ordea, uko egin diote boto delegatuaren aukerari.
Kataluniako Parlamentua osatzeko saioa Adineko Mahaia eratuta abiatu da. Mahaia horri dagokio saioa zuzentzea eta sor daitezkeen auzien inguruan erabakitzea. Hori horrela, boto delegatuak baimentzea ebatzi du Ernest Maragall (ERC) buru izan duen erakundeak.
Erabaki horren kontra egin du Ines Arrimadas Ciutadanseko buruak, araudiak baimentzen ez duela argudiatuta (boto delegatua amatasun/aitatasun, gaixotasun larri edota ezgaitasun luze baten kasuetan du aurreikusia ganberako araudiak). PPk ere aurka egin du, baina, Ciutadansek ez bezala, ez dio Mahaiari erabakia berriz hartzeko eskatu. PSCk Mahaiaren erabakia babestu du.
Mahaiaren presidenteorde eta idazkariak
Presidentea aukeratuta, Mahaiaren gainerako kideak aukeratu dituzte. Josep Costa (JxCat) presidenteorde lehena izango da eta Jose Maria Espejo-Saavedra (Cs), presidenteorde bigarrena. Honakoak izango dira idazkariak: Eusebi Campdepedros (JxCat), David Perez (PSC), Joan Garcia (Cs) eta Alba Verges (ERC).
Elisenda Catalunya en Comu-Podemeko diputatuak deitoratu duenez, Parlamentuko Mahai berrian emakume bakarra izango da. "Mahai honek ez du herri honen aniztasuna islatzen", salatu du txalo artean.