Politika -
Parlamentua osatzeko saioa
Puigdemontek uko egin dio botoa delegatzeko aukerari
Orio Junqueras ERCko buruak bere botoa Marta Rovira ERCko idazkari nagusiaren bitartez emateko eskatu dio Parlamentuko Mahaiari. Joaquim Fornek eta Jordi Sanchezek ere botoa delagatzea eskatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemontek uko egin dio Kataluniako Parlamentua osatzeko saioan botoa delegatzeari, eta gauza bera egin dute Bruselan dauden Toni Comin eta Meritxell Serret (Esquerra Republicana de Catalunya) eta Clara Ponsati eta Lluis Puig (Junts per Catalunya) diputatuek ere.
Orio Junqueras ERCko buruak bere botoa Marta Rovira ERCko idazkari nagusiaren bitartez emateko eskatu dio Parlamentuko Mahaiari. JuntsxCateko Joaquim Fornek eta Jordi Sanchezek ere botoa delagatzeko aukera eskatu dute.
Idatziz egindako eskaeran, Junquerasek azaldu du espetxean egonda ezinezkoa zaiola botoa aurrez aurre ematea osoko bilkuran.
Ildo horretan, Carme Forcadellen hitzetan, espetxean edo Bruselan dauden diputatu hautetsi independentista guztiek ez dute eskatu botoa delegatzea gaur Kataluniako Parlamentua osatzeko bilkuran.
Adineko Mahaiaren esku utzi du Forcadellek Gobernuko kideen zein Jordi Sanchez ANCko presidente ohiaren boto delegatua onartzeko edo ukatzeko erabakia.
Bestalde, Jordi Turull Presidentetzako kontseilari ohiak El Mon a RAC1 saioan adierazi duenez, ez dute botoa delegatzera behartuko, eta Puigdemoten asmoa inbestidura-ekitaldirako itzultzea dela gaineratu du.
Horrez gain, C's, PSC eta PP alderdiek ez dute botoa delegatzeko aukeraren aurkako helegitea jarriko baldin eta espetxean daudenei murrizten baldin bada, eta ez Belgikan daudenei.
Generalitateko presidentea Carles Puigdemont izateko akordioa adostu dute JuntsxCat eta ERC alderdien talde parlamentarioak, agiri bateratu batean jakitera eman dutenez.
Horrez gain, Parlamentuko presidentea Roger Torrent (ERC) izatea adostu dute, "erakundeak lehengoratzeko", bi talde horien esanetan.
Ganberako presidente Torrent aukeratzen badute, 10 eguneko epea zabalduko du alderdien arteko kontsultarako, Generalitateko presidente izateko hautagaitza aurkezteko eta Osoko Bilkura deitzeko; hortaz, Torrenten ardura izango da Puigdemonten hautagaitza onartu edo baztertzea.
Mariano Rajoyk, bere aldetik, dagoeneko esan du ez duela onartuko Puigdemonten urrutiko inbestidura, eta, eginez gero, 155. artikuluak indarrean eta Kataluniako Gobernuan eta Parlamentuan esku hartzen jarraituko duela ohartarazi du.