Politika -

Katalunia

Puigdemonten urrutiko inbestidura errefusatu dute Parlamenteko abokatuek

PSCk eskatuta egindako txostenean, protagonistak eztabaidan izatea “ezinbestekoa” dela zehaztu dute legelariek.

Kataluniako Parlamenta. Artxiboko irudia: Agentziak
Kataluniako Parlamenta. Artxiboko irudia: Agentziak
Kataluniako Parlamenta. Artxiboko irudia: Agentziak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemonten inbestidura telematiko edo delegatua arbuiatu dute Parlamenteko abokatuek txosten juridiko batean. Inbestidura presidentegaiaren parte-hartze “zuzen eta pertsonalarekin” egin behar dela azpimarratu dute legelariek.

PSCk eskatuta egindako txostenean, “prozedura parlamentarioen oinarrizko arauenganako errespetuagatik” protagonistak eztabaidan izatea “ezinbestekoa” dela azaldu dute abokatuek, “protagonista nagusia izan behar den pertsonaren ordezkorik edo inolako bitartekorik erabili gabe”.

PSCk eskatuta Carme Forcadell Parlamenteko presidenteak txostena egiteko agindua eman zuen. Hala ere, azterketa ez da loteslea eta Parlamenteko abokatu guztiek sinatu dute, besteak beste, Xavier Muro idazkari nagusiak, Antoni Bayona abokatu nagusiak eta beste sei legelari gehiagok, horien artean, Joan Ridao ERCko idazkari nagusi ohiak.

Txostenaren amaieran Generalitateko presidentearen inbestidura aztertu dute. Nahiz eta Forcadellek ez eskatu, abokatuek “aurretiazko azterketa” bat egin dute. Parlament berria osatu ondoren txostena eskatzeko aukera Mahaiaren esku utzi zuen Forcadellek.

Botoa eskuordetzeko aukeren atalean, “ezaugarri bereziak” dituzten eztabaidak zerrendatzeko aprobetxatu dute abokatuek. Legelarien hitzetan, diputatu konkretu baten “parte-hartzea beharrezkoa da” horietan, adibidez, “inbestiduran,  zentsura-mozioan eta konfiantza-galdean”.

Abokatuek nabarmendu dutenez, inbestidura “ez da pertsona bat presidente gisa berresteko edo baieztatzeko ekitaldia” soilik, hautagaiaren eta gainerako diputatuen artean “elkarrizketa bat bideratu” nahi du, aurrenak beharrezko babesa lortzeko.

Adineko Mahaiaren interpretazioa

Bestalde, Ganberaren araudian atzerritik ezin itzuli edo preso egotearen aukerak aurreikusten ez direla argi utzi dute Parlamenteko abokatuek. Hala ere, azken kasuan Parlamenta osatzen den egunean Adineko Mahaiak egiten duen interpretazioari atea zabaldu diote legelariek.

Bruselan (Carles Puigdemont, Clara Ponsati, Antoni Comn, Lluis Puig eta Meritxell Serret) edo espetxean dauden (Oriol Junqueras, Joaquim Forn eta Jordi Sanchez) JxCat eta ERCko diputatu hautetsiei eragiten die auziak.

Botoa beste norbaiten esku uzteko aukerak “amatasun edo aitatasun bajak eta ospitaleratze, gaixotasun larri edo luzaroko ezgaitasun egiaztatuak” direla azpimarratu du agiriak, eta ezgaitasuna osasun inguruabarrekin lotu du.

Junquerasek bere botoa beste diputatu baten esku uzteko atea zabalik utzi zuen Auzitegi Gorenak auto batean, baina ebazpena “Parlamentari zuzendutako agindu bat” ez dela argi utzi dute abokatuek, Kataluniako Ganberaren eskumen “esklusiboak” direlako.

Hala eta guztiz ere, botoa eskuordetzeko eskakizunak Adineko Mahaiak ebatzi behar dituela azaldu dute Parlamenteko legelariek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès argazkiak