Politika -
Katalunia
Puigdemontek eta Rovirak (ERC) Parlamentuko Mahaiaren osaera adostu dute
Hasiera batean inbestidurari buruzko akordioa ere bazegoela zabaldu den arren, ERCk esan du negoziatzen jarraitzen dutela.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuko Mahaian independentziaren aldekoak nagusi izateko akordioa lortu dute Belgikan Carles Puigdemontek eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak.
Hainbat hedabide katalanek eman dute akordioaren berri, goizean goiz. Gerora, bi alderdietako iturriek baieztatu dute, eta ERCk zehaztapena egin du, hasiera batean inbestidurari buruzko akordioa ere bazegoela zabaldu baita. Azken hori negoziatzeke dago oraindik, nabarmendu dute iturri errepublikanoek.
Puigdemont eta Rovira Bruselan bildu dira bart, eta datozen asteetan eman beharreko pausoetako batzuk hitzartu dituzte. Gaur zortzi egingo dute Kataluniako Parlamentua osatzeko bilkura.
Adostutakoaren arabera, JuntsxCat, ERC eta CUP alderdietako diputatuek euren botoak batuko dituzte Parlamentuko Mahaian gehiengoa lortzeko (zazpi kideetatik lau independentistak izango dira, horrenbestez).
ERCren esanetan, horretara mugatzen da akordioa, eta inbestidura egiteko modua negoziatzeko dute oraindik —otsailean da egitekoa presidentea aukeratzeko lehen bilkura—.
70 diputatu
Hiru alderdi independentistek 70 ordezkari dituzte Parlamentuan (gehiengo osoa 68an dago). Hori horrela, egoera normal batean ez legoke arazorik Parlamentuko erakunde horretan gehiengoa lortzeko.
Oraingoan, ordea, aparteko egoera dago Katalunian: hiru diputatu kartzelan daude, eta beste bost Bruselan.
Hala, gehiengoa bermatzeko honakoa beharko lukete independentistek: preso diren hirurek ganberara joateko baimena izatea, eta Bruselan diren lau kontseilarik eserlekuari muzin egitea.
Inbestidurari buruz, akordiorik ez
Hasieran zabaldutako iragarpena zuzendu du ERCk, eta inbestidurari buruzko akordioa itxita ez dagoela nabarmendu du.
Puigdemontek bi proposamen egin omen ditu : inbestidura modu telematikoan egitea edo bere hitzaldia beste diputatu batek irakurtzea.
Errepublikanoek ez dute argi ikusten, eta denbora gehiago eskatu diote Junts per Catalunyako hautagaiari.
Hala, inbestidura mota horren "bideragarritasuna" aztertzea Parlamentuko abokatuen esku utzi du ERCk.
Puigdemonten (PDeCAT) eta Roviraren (ERC) alderdien baitan mugimenduak izan ziren atzo. Artur Masek dimisioa iragarri zuen arratsaldean, eta, ordu batzuk lehenago, Carles Mundo kontseilari izandakoak diputatu aktari muzin egin zion eta politika utzi duela jakinarazi zuen.