Politika -
Katalunia
Kataluniako Parlamentua osatzeko bilkura urtarrilaren 17rako deituko du Rajoyk
Rajoyk onartu du arlo politikoan urte oso zaila izan dela, eta erantsi du 2017ko onena susperraldi ekonomikoa izan dela.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentu berriaren osoko bilkura urtarrilaren 17rako deituko du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, alderdi politikoekin horrela adostu ostean. Gainera, "hautagaia egotekotan 10 eguneko epean presidente berriaren inbestidura-ekitaldia izan daitekeela" esan du.
Rajoyk prentsaurrekoa eman du ostiral honetan, Moncloako jauregian, 2017ko nondik norakoen laburpenaren berri emateko. Agerraldian, "Kataluniari min handia egiten dion eta zalantza handiak pizten duen gatazka bukatzea nahi duela" esan du.
Demokrazia, botereen independentzia, legearen inperioa eta gizartearen sosegua berriro "zalantzan ez jartzeko" eskatu dio Generalitateko Gobernu berriari.
Bestalde, "zentzugabetzat" jo du Carles Puigdemont presidente izatea herrialdea modu telematikoan zuzentzeko. "Sen onak hori ezinezkoa dela esaten digu", adierazi du.
2017. urteko "onena" berreskurapen ekonomikoaren sendotzea izan dela esan du, eta Kataluniako arazoa izanda ere, etorkizunari begira "baikor" dela aitortu du.
"Krisiaren aurreko BPGren maila eta galdutako enpleguen bi heren berreskuratu ditugu", esan du. Ildo horretan, kontsumoa, inbertsioa, esportazioak eta inportazioak eta eraikuntza ekonomiaren motorrak direla azpimarratu du.
"Gauzak ondo egiten jarraitzekotan ekonomiak batez beste % 2,5 haziko da 2020ra arte, langabezia-tasa % 11n egongo da eta gehiegizko defizit mailatik urrunduko gara", gogoratu du Rajoyk.
Eta, helburu horiek lortzeko lehen urratsa 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak "ahalik eta arinen" onartu behar direla aitortu du.