Politika -

Presoak

Iparragirre Aita Mennira aldatuta legedia betetzen ez dela salatu du Etxeratek

Ibon Iparragirrek “baldintzapean aske egoteko” kondizio guztiak betetzen dituela uste badute ere, Arrasateko zentrora bidaltzea onartzen dute haren ingurukoek, Alcala Mecon jarrai ez dezan.

Iparragirreren familiak ez daki noiz eta nola ekarriko duten Arrasatera

1:04

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Goioagak, Ibon Iparragirre gaixotasun larri bat duen presoaren abokatuak, eskatu du Iparragirre “lehenbailehen eta baldintza duinetan” alda dezatela Alcala Mecoko kartzelatik Aita Menni Arrasateko zentrora, nahiz eta Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epailearen erabakiarekin ados ez dauden. Castrok espetxealdiko bigarren graduari eutsi, eta baldintzapeko askatasuna ukatu zion Iparragirreri, nahiz eta, Etxeraten arabera, aske egoteko “kondizio guztiak” betetzen dituen.

Legelariak, gainera, hiesa fase terminalean eta arazo neurologikoak dituen presoa kartzelatik “azkar” ateratzeko bi bide juridiko aztertzen ari direla esan du.

Goioagak prentsaurreko batean hitz egin du gaur, Bilbon, Patricia Velez eta Urtzi Errazkin Etxerateko ordezkariek, Anjelita Burgoa Ibon Iparragirreren amak eta Gotzon haren anaiak lagunduta.

Guztiek azaldu dutenez, Iparragirre, espetxetik atera beharrean, Aita Mennira eramateko erabakia “Espetxe Erakundeko Idazkaritza eta fiskalaren xantaiaren ondorioa da”, eta erantsi dute “ahal dugun guztia” egingo dutela etxean egon dadin. Epailearen autoari errekurtsoa jartzeak, nolanahi den, presoa “osasun egoera kritikoan” Alcala Mecon gelditzea eragingo luke.

Bien bitartean, Arrasatera “lehenbailehen” bidaltzea eskatu diote Castori, ebazpen judizialak ez baitu inongo datarik ezartzen, baita “baldintza duinetan“ egitea ere, “azkar egingo dela bermatuta, eta ez dezatela, horrelakoetan ohikoa denez, kartzelarik kartzela ibili”. “Eta norbaitek lagunduta egin ahal bada, hobeto”, erantsi du.

Iparragirreri espetxe araudiko 104.4 artikulua aplikatu ez izana deitoratu du abokatuak, berorretan hau ezartzen baita: “Sendabiderik ez duten gaitzek oso larriki (txosten mediko baten arabera) jotako presoei, sailkapen prozesuko aldagaiak gorabehera, hirugarren gradua ezar dakieke arrazoi humanitarioengatik eta duintasun pertsonalagatik, delituak egiteko zailtasunari eta arrisku txikiari begiratuta”.

Hortaz, “epailearen erabakia ikusirik, legedia ez dutela betetzen” adierazi du Etxeratek.

"Egoera muturrekoan"

Patricia Velezek eta Urtzi Errazkinek Etxeraten testu bat irakurri dute, eta esan dute Iparragirre espetxetik atera behar dutela “bere gaitzak behar duen tratamendua senideen ondoan begirunez eta berme guztiekin aplikatu diezaioten”, “egoera muturrekoan” baitago, “gaitzaren fase terminalean”,

“Ibon Iparragirreren egoerak lehenbailehen premiazko hobekuntza behar duela garbi dago, eta, horrexegatik, Espetxe Erakundeko Idazkaritza eta Fiskaltzaren jokabidea jende aurrean salatzen badugu ere, Ibon Iparragirre Arrasateko Aita Menni zentrora eramango dutela onartu beste aukerarik ez dugu”, dio idatziak gero.

“Euskal gizarteari eta Ibonen espetxe zigorra indargabetzeko era batera edo bestera lanean eta ahaleginean aritu diren eragile politiko, sozial eta instituzioei” eskerrak eman eta gero, dei egin dute “Ibonen egoera hobetzeko lanean eta ahaleginean jarraitzeko”. Halaber, “gaitz larriak pairatzen dituzten 21euskal presoak eta beraien senideak” ere ekarri dituzte gogora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak