Politika -

Katalunia

Barne Ministerioak guardia zibilak eta polizia nazionalak aterako ditu Kataluniatik

Horrela, erreferenduma egin baino aste batzuk lehenago hasitako Koperniko Operazioa bukatutzat joko du Espainiako Gobernuak abenduaren 30ean.

Polizia Nazionala urriaren 1eko erreferendumean. Artxiboko irudia: EFE
Polizia Nazionala urriaren 1eko erreferendumean. Artxiboko irudia: EFE
Polizia Nazionala urriaren 1eko erreferendumean. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi eta larunbatera bitartean, polizia nazionalak eta guardia zibilak Kataluniatik aterako ditu Barne Ministerioak.

Poliziako iturriek jakitera eman dutenez, abenduaren 30ean ez da errefortzurik geratuko Katalunian, ondorioz, Koperniko Operazioa bukatutzat joko dute. Urriaren 1eko erreferenduma baino aste batzuk lehenago martxan jarri zuen Espainiako Gobernuak operazioa.

Bartzelonako portuan diren Rhapsody eta GNV Azzurra ontzietan dauden poliziak eta beste hotel zein egoitza militarretan dauden agenteak etxera bueltatuko dira. Hala ere, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren presentzia mantenduko dute Katalunian, baita istiluen aurkako polizien errefortzuak ere.

Ia 20.000 agente

Operazioa abiatu zutenetik ia 20.000 guardia zibil eta polizia nazional bildu dira Katalunian. Barne Ministerioak behin baino gehiagotan eman du dispositiboa luzatzeko agindua. A21eko hauteskunde-kanpainan eta hauteskunde egunean zehar polizia gutxiago izan dira Katalunian.

Koperniko Operazioak kritikak jaso ditu, baita barnetik ere; izan ere, hilabeteotan agenteen ostatuen baldintzak salatu dituzte Guardia Zibilaren sindikatuek eta elkarteek. Piolin bezala ezaguna zen ferryaren kasua bereziki ospetsu egin zuten. Hustu eta abenduaren 16an Bartzelonako portua utzi zuen ontziak.

Gabon-gaueko menua

Azken polemika duela ordu gutxi gertatu da. Guardia Zibileko eta Poliziako agenteek eta sindikatuek Rhapsody eta Azzurra ontzietan dauden lankideei Gabon-gauean emandako menuen berri eman zuten sare sozialetan. Juan Ignacio Zoido Barne ministroak ikerketa bat zabaltzeko agindua eman du gaur.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua Espainia Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur