Politika -
Katalunia
Bere itzulera 'Espainiarentzat albiste ona' izango litzatekeela dio Puigdemontek
Beste alde batetik, Oriol Junquerasek orain arte jasotako babesa eskertu du eta "askatasunaren, justizia sozialaren eta demokraziaren esku" jartzen dela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniara "lehenbailehen" itzultzeko asmoz agertu da larunbat honetan Carles Puigdemont presidentea. Hala, ez bazaio eskualdeko presidente bezala izendatua izateko baimenik ematen Espainiako Gobernua ez litzatekeela sistema demokratikoa errespetatzen arituko esan du.
"Eskualdeko presidentea naiz eta kargua betetzen jarraituko dut Espainiar Estatuak hauteskundeen emaitzak errespetatzen baditu", adierazi du Reuters agentziari emandako elkarrizketa batean.
Ildo horretatik, Kataluniara "lehenbailehen" itzultzeko asmoz dagoela ziurtatu du Puigdemontek, eta, bere esku egongo balitz, "oraintxe bertan" etorriko litzatekeela gaineratu du. Hala, bere itzulera "Espainiarentzat albiste ona" izango litzatekeela esan du.
Halaber, Felipe VI.a Espainiako Erregeak bihar ematekoa duen Gabonetako mezuarekin batera, mezua aldatzen hasteko aukera aproposa duela esan dio Puigdemontek.
Testuinguru horretan, joan den urriaren 1eko erreferendumaren ondoren emandako mezuan jarreraz okertu zela leporatu dio Espainiako Erregeari, estatuburua izan beharrean 155. artikuluaren eta Espainiako Gobernuaren Errege izatea nahiago izan zuelako.
Junqueras, "askatasunaren eta justizia sozialaren esku"
Beste alde batetik, "askatasunaren, justizia sozialaren eta demokraziaren esku" jartzen dela esan du Oriol Junquerasek larunbat honetan, bere Twitter kontuan zabaldutako mezu baten bidez.
Era berean, eskerrak eman ditu orain arte jasotako babesagatik.