Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Espedientea zabaldu diote Junquerasi eta Sanchezi espetxetik bidalitako audioengatik
Espetxeetako Zuzendaritzak erabaki beharko du orain zigortzen dituen ala ez.
Agentziak | Erredakzioa
Espetxeetako Zuzendaritzak informazio-espedientea zabaldu die Oriol Junquerasi eta Jordi Sanchezi zigortu aurretik, abenduaren 21eko Kataluniako hauteskundeetan parte hartzeko Estremera eta Soto del Real espetxeetatik bidalitako audioengatik.
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak espedienteak zabaldu dizkietela baieztatu du astelehen honetan.
Alde batetik, Rac 1 hedabidean Junquerasi egindako telefono bidezko elkarrizketa baten zati bat emititu dute astelehen honetan. Horretan, Junquerasek "aurpegia ematen dugula frogatu" dutela esaten du; izan ere, "egindakoagatik ez naiz inoiz ezkutatzen eta jarrera, pentsamendu, sentimendu eta borondate irmoa" duela gaineratzen du horretan.
Bestetik, Jordi Sanchez telefono bidezko mezu bat grabatu zuen Junts per Catalunya alderdiaren mitinean zabaltzeko. Mezu horretan, Carles Puigdemonten aldeko botoa eskatzen zuen, eta Mariano Rajoyri, Ines Arrimadasi, Miquel Icetari eta Xabier Garcia Albioli "lerdo erabilgarriak" deitu zien.
Espetxeetako Zuzendaritzak azaldu duenez, presoek kanpo komunikazioak murriztuak dituzte eta familiarekin edo beren abokatuekin hitz egiteko baino ezin dituzte erabili.
Jordi Sanchezek baimena eskatu zion Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari hauteskunde kanpainan parte hartzeko, baina epaileak baimena ukatu zion.
Bestalde, Arnaldo Otegiren aurrekaria dago, zein 2012ko hauteskunde kanpainan Logroñoko espetxean egonda EH Bilduren mitin batean zabaltzeko mezu bat grabatzeagatik espedientatu zuten.
Otegiri orduan kautelazko neurriak ezarri zizkioten, besteak beste, telefono bidezko komunikazioak bertan behera utzi zizkioten, baita bisitak ere.
Azkenik, Logroñoko espetxeko Diziplinazko Batzarrak 12 eguneko isolamendu zigorra ezarri zion falta larri batengatik, eta hiru egunez paseorik gabe gelditu zen beste falta arin batengatik.