Politika -
Bake prozesua
Foro Sozialak urratsak antzeman ditu presoen auzian, 'nabarmenak ez badira ere'
Ipar Euskal Herriko erakundeek eta gizarte zibilak egindako lana eta Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa goraipatu dute. Baina ez dute "mugimendu ikusgarririk" espero.
Agentziak | Erredakzioa
Foro Sozial Iraunkorrak presoen auzian "urrats garrantzitsu batzuk" eman direla esan du, "emaitzak nabarmenak ez badira ere".
Teresa Toda eta Nekane Alzelai bozeramileek agerraldia egin dute Donostian, urteko balantzea egiteko.
Presoen auzia konpontzeko bidean Euskal Herrian eman diren "aurrerapenak" azpimarratu dituzte eta Frantziako Gobernuak jarrera aldatu izana goraipatu dute. Ildo berean, Espainiako Gobernuak inolako urratsik emateko borondaterik erakutsi ez izana salatu dute.
Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta sindikatuen artean gaixotasun larriak dituzten presoen eskubideen defentsan lortutako akordioak aipatu dituzte emandako urrats horien artean.
Joan den larunbatean Parisen egindako manifestazioa mugarri izango dela iritzi diote, gizarte zibilak prozesu honetan duen garrantzia erakutsi zuelako.
ETAren armagabetzea gauzatzeko Ipar Euskal Herrian abian jarri zuten metodoa presoen auzia konpontzeko erabiltzea defendatu dute. "Iparraldeko erakundeen, presoen kolektiboaren eta gizarte zibilaren arteko akordioak bilatzea da gakoa", adierazi dute.
Frantziako Justizia Ministerioarekin lan-esparru bat irekitzerakoan Jean Rene Etchegaray Ipar Euskal Herriko Elkargoaren presidenteak izan duen garrantzia nabarmendu dute eta positibotzat jo dute Eusko Jaurlaritzaren ekarpena.
Lan horrek Frantzian "lehendabiziko fruituak" eman dituela erantsi dute: preso bat hurbildu dute eta euskal presoei ezartzen zieten estatus berezia bertan behera utzi dute.
"Honek erakusten du gauzak aldatu egin ahal direla, baina errealistak gara eta ez dugu mugimendu ikusgarririk espero", azpimarratu dute.
Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera gogor kritikatu dute, ez duelako inolako pausorik eman, "ezta gaixotasun larriak dituzten presoen inguruan ere".