Politika -
Manifestazioa Bruselan
Santamariak erantzun du NAN espainiarrari esker egin ahal izan dutela martxa Bruselan
Espainiako Gobernuko presidenteordeak kritikatu du independentistek ez dutela "zalantzarik egin Europaren teilatura harriak jaurtitzeko EBk babesik ematen ez dienean".
agentziak | erredakzioa
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordeak gogorarazi du NAN espainiarrak eta EBko kide izateak ematen dizkieten eskubideei esker parte hartu ahal izan dutela kataluniarrek Bruselan egindako manifestazioan.
Saenz de Santamariak independentista kataluniarrek Europar Batasuunaren inplikazioa eskatzeko Belgikan egin duten manifestazioa izan du hizpide Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, eta azpimarratu du manifestarietako batzuk kataluniarrak zirela, baina beste batzuk, ez.
Gaineratu du lehenengoek Espainiako NANari esker parte hartu ahal izan dutela martxa horretan. "Ondorioz, Espainia Europar Batasuneko kide izateagatik dituzten eskubide batzuk egikaritzen ari dira", azaldu du.
Dena dela, Saenz de Santamariak uste du independentistek, aldi berean, ez dutela "zalantzarik egin Europaren teilatura harriak jaurtitzeko EBk babesik ematen ez dienean".
Testuinguru horretan, Europar Batasuna "askatasuna" dela eta horrelako mobilizazioak ahalbidetzen dituela goraipatu du.