Politika -

Gipuzkoa

Bi urte eskatu dituzte ertzain batentzat, Amaiurreko senatari bat kolpatzea egotzita

Amalur Mendizabalek zauria izan zuen buruan, 2013ko irailean Hernanin izan ziren liskarretan. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bi urteko espetxealdia eta lanetik kentzea eskatu dute.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bi urteko kartzelaldia eta beste bi urtez kargutik kentzea eskatu dute Amalur Mendizabal Amaiurreko senataria jotzea egotzita. Mendizabalek zauria izan zuen buruan 2013ko irailean Hernanin izan ziren liskarretan.

Defentsak, bestalde, absoluzioa eskatu du ertzainarentzat, auzian parte hartzen ari diren iturriek Eferi adierazi diotenez.

Gertaera 2013ko irailak 30ean izan zen, aipatutako herri gipuzkoarrean, Guardia Zibila Herriraren aurkako operazio bat egiten ari zela. Operazioan hainbat kide atxilotu zituzten.

Fiskaltzaren arabera, "polizien eskumen banaketa dela eta, liskarrak saihesteko abiatu behar zuten operatiboa" Ertzaintzari egokitu zitzaion. Hala, bi agente lerro osatu zituzten, eta akusatua bigarrenean kokatu zen.

 

Istiluak herriz herri egindako protestetan
Istiluak herriz herri egindako protestetan
Istiluak herriz herri egindako protestetan

0:30

 

Testuak dioenez, 22:50 inguruan, atxilotu bat irtetean", bertan bilduta zeuden pertsonak "oihuka hasi ziren operatiboaren aurka", eta "objektuak jaurti zituzten".

Hori dela eta, "muniziorik gabe tiro egin zuten, eta lehen lerroak aurrera egin zuen". Horrezkero, agenteen "taldean hutsuneak zabaldu ziren eta bigarren lerroko agenteek bete zituzten", horien artean auzipetua zegoela.

Halako batean, testuak dioenez, agenteak ustez "kolpea eman zuen, bere buruaren gainetik igota eta ibilbide bertikala eginda, goitik behera", eta kaltetua jo zuen, "buruan traumatismoa, kopetan zauria eta kontraktura eraginda".

Zauriengatik puntuak eman behar izan zizkioten buruan eta beste bi bekokian. Gainera, sendagaiak hartu zituen. Fiskaltzaren agirian agertzen denez, Mendizabal ez zegoen "bere karguarekin zerikusia zuen funtziorik egiten" leku horretan.

Ministerio Publikoaren esanetan, auzipetuak emandako kolpearen "mekanika Ertzaintzaren arauen aurkako da, liskarren kontrako materialaren erabilerari dagokionez".

Hori dela eta, bi urteko kartzelaldia ezartzea eta beste bi urtez kargutik kentzea eskatu du Fiskaltzak, lesio delitua tresna arriskutsu batekin egitea egotzita.

Era berean, 3.600 euroko kalte ordaina ematea eta arduradun subsidiarioa euskal administrazioa izatea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Epaiketak argazkiak Amaiur berriak Eguneko albisteak