Politika -
kontrol saioa kongresuan
Independentistak badira ere, A-21eko garaileak errespetatuko dituela esan du Rajoyk
"Hurrengo abenduaren 21ean, kartzelari edo demokrata gisa jokatuko duzue?", galdetu dio Rufianek presidente espainiarrari.
agentziak | erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur, asteazkenean, baieztatu duenez, "noski baietz" errespetatuko duela bere Goberuak abenduaren 21eko hauteskundeetako emaitzak, garailea nor den gorabehera.
Nolanahi ere, ERC gogorarazi dio independentistek irabaziz gero legea eta "gutxiengoaren eskubideak" "errespetatu" egin beharko dituztela, eta ez duela Kataluniako "ekonomia kaltetu" behar. "Eta listo. Lasai geratuko gara danok", azpimarratu du.
Horrela erantzun dio Rajoyk Gabriel Rufian ERCren bozeramaileari, Gobernuari egindako kontrol saioan. Rufianek bidegabeko hauteskundeak deitu dituela aurpegiratu dio presidente espainiarrari, bere ustean, Generalitateko presidenteak baino ezin duelako deialdia egin. Edonola ere, hauteskundeetara aurkeztuko direla esan du ERCren bozeramaleak eta, "seguruenik", irabazi egingo dituztela. "Hurrengo abenduaren 21ean, kartzelari edo demokrata gisa jokatuko duzue?", galdegin dio.
Espainiako presidenteak "noski baietz" erantzun du irmoki. Berak deitutako hauteskundeak egingo dituzte Katalunian, horretarako Senatuaren oniritzia jaso eta gero.
"Legearen arabera egingo diren hauteskundeak dira, indarrean dauden legeetan abiatuta, Kataluniako Parlamentua osatzeko. Noski baietz, emaitzak errespetatu egingo ditugu. Halakorik", esan du Rajoyk, bere alderdikideek txalo zaparrada egin aurretik.
Ondoren, Gobernu espainiarreko presidenteak azpimarratu du independentistek irabaziz gero, "baldin eta" irabazten badute, egin beharko dutena "gobernatu", "indarrean dagoen legedia eta gutxiengoaren eskubideak errespetatzea" izango da. "Eta kito. Eta lasai geratuko gara danok", erantsi du.