Politika -

KATALUNIA

Bere deklarazioa baliogabetzeko eta auzia Gorenaren esku uzteko eskatu du Fornek

Kargugabetutako Generalitateko Barne kontseilariak argudiatu duenez, ez zuen bere defentsa prestatzeko nahiko denborarik izan.

Joaquim Forn. Artxiboko argazkia: EFE
Joaquim Forn. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquim Forn kargugabetutako Generalitateko Barne kontseilariak bere deklarazioa eta kartzelatzea baliogabetzea eskatu dio Auzitegi Nazionalari, bere defentsa prestatzeko nahikoa denborarik ez zuela izan argudiatuta. Halaber, kargugabetutako Kataluniako Gobernuaren aurkako auzia bere gain har dezala eskatu dio Auzitegi Gorenari. Joaquim Forn eta kargugabetutako beste zazpi kontseilari (Junqueras, Turull, Rull, Romeva, Mundo, Borras eta Bassa) espetxean daude azaroaren 2az geroztik.

Joaquim Fornen abokatuak idatzi bat aurkeztu du gaur Auzitegi Nazionaleko zigor aretoaren aurrean. Daniel Perez-Esque defentsa abokatuaren esanetan, Carmen Lamela epaileak bere bezeroa "babesgabetasun" egoeran utzi zuen, zitazioa jaso zuenetik deklarazioa egin zuen arte "denbora tarte txikia" (ordu gutxi batzuk) igaro zelako eta deklarazioa bertan behera uzteari uko egin ziolako.

Hori dela eta, Carmen Lamela epailearen aurrean egindako deklarazioa eta ondoren agindutako espetxeratzea baliogabetzeko eskatu dio abokatuak Auzitegi Nazionalari.

Aldi berean, Perez-Esque abokatuak beste idatzi bat bidali dio Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari, hain zuzen ere, kargugabetutako Kataluniako Gobernuaren aurkako auzia bere gain har dezan. Pablo Llarena epaileak darama Carmen Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen eta Mahaiko kideen aurkako auzia, eta Fornen abokatuak uste du ez duela zentzurik bi auzi horiek bereizteak.

Fornen defentsaren ustez, auzitan dauden egitateak ikertzeko eskumena duen bakarra Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusia da. Dena den, Llarena epaileak eskumena bere gain hartu duenez, Forcadellen eta kargugabetutako Kataluniako Gobernuaren kontrako prozedurak elkartzeko eskaera egin du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Kataluniako azken ordukoa Politika albisteak Auzitegi Gorena bideoak Gaurko azken orduko albistea Abokatuak