Politika -

Katalunia

Forcadell Diputazio Iraunkorrean berragertu da, eta langileen babesa jaso du

Parlamentuko alderdi guztietako ordezkariekin Diputazio Iraunkorraren bilera egin ondoren, Forcadell bere bulegora joan da, hedabideei adierazpenik egin gabe.

Carme Forcadell. EFE
Carme Forcadell. EFE
Carme Forcadell Parlamentera itzuli da espetxetik irten ostean

0:36

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea Diputazio Iraunkorreko bileran berragertu da gaur, Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gau bat espetxean igaro ostean. Ganberako langileek ongietorria egin diote, eta ez die komunikabideei adierazpenik egin.

Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioagatik abenduaren 21erako hauteskundeak deitu eta Kataluniako Ganbera disolbatu ondoren, Diputazio Iraunkorreko ordezkariak bildu dira lehen aldiz. Osoko bilkurarik ez dagoenean aktibatzen den erakundea da.

10 minutuko batzarra egin, eta asteazkenean berriz biltzea erabaki dute, Diputazio Iraunkorreko Mahaian hutsik dauden bi postu nork beteko dituen erabakitzeko. Oraingoz hiru kide daude taldean: Carme Forcadell presidentea (JxSí), Anna Simó (JxSí) eta Jose Maria Espejo-Saavedra (Ciudadanos).

Parlamentuko iturrien arabera, ezustekorik ez badago, David Pérezek (PSC) eta Lluis Guinók (JxSí) beteko dituzte postu horiek, Parlamentuko Mahaiko kide baitziren lehendik ere.

Parlamentuko alderdi guztien ordezkariekin Diputazio Iraunkorraren bilera bukatu denean, bulegora joan da Forcadell, hedabideen aurrean adierazpenik egin gabe. Beraz, ez du etorkizun politikoari buruz ezer esan. Abenduaren 21eko hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendarekin bat egitea proposatu dio ERCk Forcadelli.

Bulegoan zegoela, Parlamenteko langile talde bat sartu da ongietorria egin eta txalo artean hartzeko, baita Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Mahaiko zenbait kide ohi ere: Lluís Corominas, Lluís Guinó, Joan Josep Nuet edo Anna Simó.

Ateak itxita izandako topaketan, Ganberako langileez "harro" dagoela azaldu du Forcadellek. Jasotako babesa eskertu ez ezik, erakundearen "duintasunari" eusteko lan egingo duela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika albisteak Gaurko azken orduko albistea