Politika -

Katalunia

Colauk sozialistekin hausteko erabakia babestu du: 'Ez dugu PSC ezagutzen'

Sozialistek Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian aplikatzeko babesa emategatik erabaki du Barcelona en Comúk akordioa haustea.

Ada Colau Barcelona en Comu alderdiko militanteen galdeketan. EFE.
Ada Colau Barcelona en Comu alderdiko militanteen galdeketan. EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ada Colau Bartzelonako alkateak babestu egin du Barcelona En Comú (BComú) alderdiak Kataluniako Alderdi Sozialistarekin (PSC) Bartzelonako Udalean orain arte izandako akordioa bertan behera uztea, alderdiko oinarriek igandeko galdeketan hartutako erabakiarekin bat eginda. Sozialistek Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian aplikatzeko babesa emategatik erabaki du Colauren alderdiak akordioa haustea. "Ez dugu Alderdi Sozialista ezagutzen", azaldu du.

Colau pozik agertu da alderdiko oinarriek azken hitza izan eta erabakia hartu dutelako. Boto-emaileen % 54,18k eman dute ituna haustearen aldeko botoa. Horren harian, erabakia BComú alderdiaren funtsezko oinarriekin bat datorrela esan du, eta 155. artikuluaren inguruan beren oinarriei galdetu ez izana leporatu dio alderdi sozialistari.

Bestalde, Miquel Iceta PSCko idazkari nagusia kritikatu du "Albiolekin 'selfiak' egiten dituelako eta ezkontza homosexualen aurka dagoen Uniorekin akordioa lortu nahian dabilelako".

Colauk azaldu duenez, Barcelona En Comúk 11 zinegotzi ditu Bartzelonako Udalean, eta PSCren laurak izanda ere, ez lukete gehiengoa izango, 21 behar baitituzte, 2018ko Aurrekontuak onartzeko. Hori dela eta, akordioak lortzeko babes bila jarraituko duela esan du.

Halaber, Kataluniako Gobernuan kargugabetutako kontseilarien zein Jordi Sanchezen (ANCko presidentea) eta Jordi Cuixarten (Omnium elkarteko presidentea) kartzelatzeak gaitzetsi ditu. Hala ere, "oso ekintza bortitzak egin eta erabaki basatiak hartu dituzte", gaineratu du Colauk. "Errepublika aldarrikatzea herritarren % 50en babesik gabe egin dute", azaldu du, adibide gisa.

Azkenik, hauteskunde deialdiaren harira, "nahiago nuke hauteskundeak gure presidenteak, Kataluniak aukeratutako presidenteak, deitu izan balitu", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak Albisteak PSOE PP Bartzelona Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak