Politika -
Hauteskundeak Katalunian
ERCk zerrenda bateratua ezinezkotzat jo du CUPek baztertu ondoren
Baina “hautagaitza ahalik eta zabalena izateko lan” egingo duela ziurtatu du, aniztasunetik batuz hauteskundeak irabazteko.
Agentziak | Erredakzioa
Abenduaren 21eko hauteskundeetan “benetako” zerrenda soberanista bateratua aurkeztea ezinezkotzat jo du Sergi Sabria ERCko bozeramaileak, CUPek koalizioan parte hartuko ez duela eta beste lau aukera aztertuko dituela iragarri ondoren.
“Benetako zerrenda bateratua osatzea ezinezkoa denez, hautagaitza ezberdinetatik abiatuta fronte komuna sortu beharko dugu”, adierazi du agiri batean, baina ERCk PDeCAT, Democrates eta CUP barneratzeko hautagaitza bateratua nahi zuela argi utzi du.
Hala ere, bere alderdiak “hautagaitza ahalik eta zabalena izateko lan” egingo duela ziurtatu du Sabriak, aniztasunetik batuz hauteskundeak irabazteko.
ERCren apustua soberanista guztiak batzea zela errepikatu du, “Estatuaren erasoaldiari erantzun irmo” bat ematea beharrezkoa delako.
CUPen lau aukerak
“Baina posible ez dela ematen du, alde guztiek nahi ez dutelako”, deitoratu du. Igandeko asanbladak lau aukera aztertuko dituela iragarri du gaur CUPek: ez aurkeztea; ez aurkeztea baina herri hautagaitza bati babesa ematea; ezkerreko fronte bat sortzea edo bakarrik aurkeztea.
Bestalde, JxSiren formula “txiki geratu” dela esan du Sabriak. ERCko bozeramaileak fronte komun programatiko bat osatzea planteatu du, zerrenda ezberdinak koordinatzeko.
Zentzu horretan, frontea “guztiz koordinaturik” egotea ezinbestekoa ikusten du, hauteskunde-programako puntuak partekatuz.
ERCk koalizio bat osatzeko “aurreakordio” bat baztertu zuela esan du CUPek
ERCk A-21 hauteskundeetan koalizio bat osatzeko proposamena baztertu zuela jakitera eman du CUPek. Horrela, ate bat zabalik utzi nahi zuten, antikapitalisten oinarriek igandeko asanbladan aukera horren aldeko apustua egiteko aukeraren aurrean.
Zerrenda bateratua ez osatzeko erantzukizuna antikapitalistei leporatzea aurpegiratu dio CUPek ERCri.