Politika -
KATALUNIA
Guardia Zibilaren kontrako protesta sedizioagatik ikertzea babestu du ANk
Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Aretoko bost epaileetako batek boto partikularra eman du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko irailaren 20an Guardia Zibila Ekonomia Kontseilaritza miatzen ari zen bitartean izandako protesta sedizio delituagatik ikertzea babestu du gaur Auzitegi Nazionalak, eta Carmen Lamela epaileak horretarako konpetentzia duela ere ebatzi du.
Jordi Sanchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteek helegitea aurkeztu zuten, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak beraien kontrako sedizio delitua ikertzeko eskumenik ez zuela argudiatuta. Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Aretoak, ostera, Lamela epailea babestu du eta sedizio delitua ikertzeko konpetentzia duela ebatzi du. Hala ere, Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Aretoko bost epaileetako batek, Jose Ricardo de Pradak, boto partikularra eman du "arau juridikoaren interpretazio oso behartua" dela iritzita.
Gainerako lau magistratuek sinatutako autoaren arabera, ordea, Lamelari dagokio irailaren 20ko gertakariak ikertzeko eskumena, "ez izaera orokorreko sedizio delituak ikertzea Auzitegi Nazionalari dagokiolako, kasu honetan ikertutakoa gobernu ereduaren kontrako erasoa izan daitekeelako baizik".
Aretoaren iritziz, ikertutako ekintzak ez dira "gertakari isolatu bat", alderantziz, "Kataluniako Gobernuko eta Parlamentuko buruzagiek Sanchezekin eta Cuixartekin batera diseinatutako estrategia bati erantzuten dio".
BIDEOA: Ehunka lagun elkartu dira Generalitateko Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean