Politika -

KATALUNIA

Junqueras eta beste zazpi kontseilari kargugabetu, espetxera bermerik gabe

Santi Vila kontseilari kargugabetuari, ostera, kartzela saihesteko 50.000 euroko fidantza ezarri dio Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Oriol Junqueras Auzitegi Nazionalera iritsi den unea. Argazkia: EFE
Oriol Junqueras Auzitegi Nazionalera iritsi den unea. Argazkia: EFE
Vila ez beste kontseilari guztiak kartzelatzeko eskatu du Fiskaltzak

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua eta beste zazpi kontseilari kargugabetu fidantzarik gabe espetxera bidali ditu Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Santi Vila kontseilari kargugabetuari, ostera, 50.000 euroko bermea ezarri dio, kartzela saihesteko.

Horrela, Fiskaltzak eskatutakoa onartu du epaileak. Junqueras eta magistratuaren aurrean azaldu diren beste zortzi kontseilari kargugabetuak kartzelara bidali ditu, ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta.

Junqueras gain, Jordi Turull (Presidentetza), Josep Rull (Lurraldea), Meritxell Borras (Gobernazioa), Raul Romeva (Nazioarteko Gaiak), Carles Mundo (Justizia), Dolors Bassa (Lana), Joaquim Forn (Barne) eta Santi Vila (Enpresa) kontseilari kargugabetuak kartzelara bidali ditu Lamelak. Azkenak fidantza ordaintzeko aukera du.

Ihes egiteko arrisku handia dagoela uste du epaileak. Lamelaren ahotan, “ikertuen erosteko ahalmena ezin da ahaztu, Espainiatik alde egiteko eta atzerrian bizitzeko erraztasuna dute”.

Zentzu horretan, Carles Puigdemont presidentak eta beste lau kontseilari kargugabetuk Belgikara ihes egin dutela gogorarazi du Lamelak. “Ikertuetako batzuk beste herrialde batzuetara joan dira erantzukizun penalak saihesteko”, azaldu du autoan.

Gainera, delitu bat berriz egiteko arrisku handia ikusten du Lamelak; izan ere, “delituak planifikatzen eta kontzienteki aurrera eramaten bi urte baino gehiago eman dituzte” ikertuek, 2015ean Kataluniako independentzia prozesua abiatu zenetik.

“Oso ondo antolatutako taldea”

Lamelaren hitzetan, ikertuak “oso ondo antolatutako pertsona talde baten barruan lan egiten ari ziren, Justiziatik ihes egiten laguntzeko prest zeuden elkarte soberanisten babesarekin”.

Guztiek “paper aktiboa jokatu dute zehatz-mehatz diseinatutako prozesu soberanista bultzatzeko eta muga guztiak gainditzeko”, erantsi du epaileak.

“Ikertuen ekintza pentsatua, prestatua eta antolatua izan da, azken bi urteetan Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak sistematikoki urratuz”, Lamelak azaldu duenez.

Gainera, ikertuek frogak ezkutatzeko, aldatzeko edo suntsitzeko arrisku handia ikusten du epaileak.

Honenbestez, Fiskaltzaren eskakizun guztiak onartu ditu Lamelak, matxinada, sedizioa eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzita bederatzi ikertu galdekatu ondoren.

Puigdemont eta lau kontseilari kargugabetu atxilotzea eskatu du Fiskaltzak

Bestalde, Carles Puigdemont presidenta eta gaur deklaratzera joan ez diren beste lau kontseilari kargugabetuak atxilotzeko euroagindua emateko eskatu dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Carmen Lamela epaileari.

Honenbestez, Carles Puigdemont eta Antoni Comin (Osasuna), Clara Ponsati (Hezkuntza), Lluis Puig (Kultura) eta Meritxell Serret (Nekazaritza) kontseilari kargugabetuak atxilotzeko eskatu du fiskalak.

ARTUR MAS MADRID 2 DE NOVIEMBRE EFE

Artur Mas. Argazkia: EFE

Kataluniako buruzagi politiko ugari Madrilera joan dira kereilatuei babesa ematera; besteak beste, Artur Mas, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusia, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Albano-Dante Fachin Podemeko idazkari nagusia. Guztira, 50 politikari inguru bildu dira Madrilen kereilatuei babesa emateko. Aipatutakoez gain, Gabriel Rufian eta Joan Tarda ERCko diputatuak eta Unidos Podemoseko Xavier Domenech eta Alberto Garzon ere bildu dira Madrilen. Txalo eta "ez zaudete bakarrik" oihu artean hartu dituzte auzipetuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Kataluniako azken ordukoa Politika Kataluniako erreferenduma gaur Espainia bideoak Albisteak Carles Puigdemont Espetxeen albisteak gaur Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak