Politika -
Katalunia
Puigdemont eta lau kontseilari ez dira Auzitegi Nazionalera joango
Gainerako kontseilari kargugabetuak joan egingo dira, "Espainiako sistema judizialeko berme eza salatzeko"
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont presidentea eta harekin Bruselan dauden lau kontseilari kargugabetuak ez dira Auzitegi Nazionalera joango deklaratzera, "Espainiako Estatuko Gobernuak diktatutako epaiketa politikoa" dela argudiatuta.
Puigdemontek eta lau kontseilari kargugabetuek prentsa-oharra kaleratu dute, "Kataluniako Generalitatearen Gobernu zilegia"ren izenean.
Bertan azaldu dutenez, kontseilari batzuk deklaratzera joango dira, "Espainiako sistema judizialaren bermerik eza salatzeko".
Sinatzaileen esanetan, Belgikan geratu direnek ez dute "inola ere" justizia saihestu nahi, eta Europar Batasuneko "mekanismoen arabera" jokatuko dutela gaineratu dute.
Agiria publiko egin baino lehen, Paul Bekaert abokatu belgikarrak aurreratu du Puigdemont ez dela Madrilera joango.
"Agerikoa da nire bezeroa hemendik aurrera zer gertatuko zain egongo dela", azaldu du Puigdemonten abokatuak.
Paul Bekaertek bere bezeroak Belgikan deklaratzea proposatu du, izan ere, Bruselan jarraitzen du. "Hemen, Belgikan, galdekatu dezatela proposatu dut. Posible da", esan du. "Hemen itaundu dezakete, legeak aurreikusten du", azaldu du.
Puigdemont eta kargugabetutako 13 kontseilariak ostegunean eta ostiralean deklaratzera deitu zituen atzo Carmen Lamela epaileak, matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabili izana egotzita.
Fiskaltzak kargugabetutako kontseilariak kartzelatzea eska lezake, ihes egiteko arriskua handia dela argudiatuta. Hain justu, La Vanguardia egunkariak aurreratu du aukera hori aztertzen ari dela jada.
Puigdemontek auzitegira joateko asmorik ez duenez, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak hura atxilotzeko agindua eman dezake. Erabaki hori hartuz gero, Belgikak erabaki beharko du espainiaratzen duen ala ez.
Presidenteak eguerdian agerraldia egin behar zuela zabaldu da gaur, baina azkenean ez da hala izan.
Bien bitartean, kargugabetutako kontseilariak eta Parlamentuko Mahaiko kide ohiak hasi dira zitazioak jasotzen.
Kargugabetutako gutxienez bi kontseilari Bartzelonara itzuli dira
Joaquim Forn eta Dolors Bassa kargugabetutako Barne eta Enplegu kontseilariak Bartzelonara itzuli dira bart.
23:00ak jota zirenean heldu ziren El Prat aireportura. 10 pertsonako talde batek Espainiako banderak eskuetan hartuta eta oihu eta irain artean hartu zituen. Besteak beste, "Kartzelara!" eta "Non dago zuen Errepublika?" esan diete.
Taldeak kotxeraino jarraitu dio Forni, eta Mossoek babestu behar izan dute.
Iturri diplomatikoek EFE albiste-agentziari esan diotenez, Puigdemontekin joandako beste hiru kontseilariak Bartzelonara bueltatu ziren atzo.
Bien bitartean, kargugabetutako kontseilariak hasi dira zitazioak jasotzen. Josep Rull Lurralde kontseilari ohia izan da aurrenekoa, bart. Goizean Raul Romevak, Jordi Turullek eta Oriol Junquerasek jaso dute:
Forcadell eta Mahaiko kide ohiak, Gorenean
Ostegun eta ostiralerako daude deituta, halaber, Carme Forcadell Parlamentuko presidentea eta Ganberako Mahaiko kide ohiak. Deklaratzera joango direla iragarri dute ia denek, Joan Josep Nuet (EUiA) eta Ana Simo (Junts Pel Si) Mahaiko kide ohiek eta Forcadellen abokatuak baieztatu dutenez.