Politika -
Bisita ofiziala
Integrazioaren inguruko esperientziak partekatu ditu Urkulluk Quebecekin
Indarkeriara daraman Erradikalizazioa Prebenitzeko Zentroan (CPRMV) egon da lehendakaria, Montrealen, eta Inmigrazio, Aniztasun eta Inklusio ministroarekin bildu da.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Quebeceko Inmigrazio, Aniztasun eta Inklusio ministro David Heurtelekin bildu da, bisita ofizialaren lehen jardunaldian Montrealen, eta biek azaldu dute gizarte integrazioan eta inklusioan elkarrekin lan egiteko asmoa.
Indarkeriara daraman Erradikalizazioa Prebenitzeko Zentroan (CPRMV) egon da Urkullu, Quebeceko hirian. Bertan, nazioarteko terrorismoa fenomeno "globala" dela esan du, eta "poliziaren erantzunaz gain, beharrezkoa da prebenitzeko mekanismoak jartzea".
Lehendakariak nazioarteko terrorismoari aurre egiteko laster aurkeztuko duen planari buruzko ildu batzuk aurreratu ditu: gizarte-kohesioa eta kulturen eta erlijioen arteko integrazioa; segurtasuna eta polizia-jarduera prebentiboa eta erantzunekoa; erradikalizazio biolentoaren gizarte- eta hezkuntza-prebentzioa; eta barneko eta nazioarteko posizionamendu politikoa.
Euskadik "asko ikasi" dezakela adierazu du lehendakariak, eta gai hauen inguruan lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu dute bi gobernuek.
Energia berriztagarriak
Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak, bestalde, energia berriztagarrietan lan egiten duen Hydro-Quebec Zentroa bisitatu du.
Euskal energia sektorearen ahalmena aurkeztu du Tapiak, elkarlan berrien bila.