Politika -

Katalunia

Rajoy: 'Ez dago beste aukerarik, 155.a aplikatu behar da'

Osoko bilkura egiten ari dira Senatuan, Ministroen Bileran 155. artikuluari helduta adostu zituzten neurriak bozkatzeko.

Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea onartuko dute Senatuan

1:03

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuan Espainiako Gobernuak Katalunian 155. artikuluaren bidez aplikatu litzakeen neurrien inguruko bozketa egingo dute, halere, baliteke 155. artikuluaren neurriak ere aldatzea edo baliogabetzea, sortzea eragin duen arrazoia desagertuz gero, PSOEk azken orduotan egindako negoziazioen ostean.

Horrela, independentziaren aldeko blokeak 155.aren eragina samurtzeko aukera izango du, PSOEren negoziazioen ondoren. Gainera, neurriak modu mailakatuan ezartzea adostu dute bi alderdiek.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu duenez, "ez dago beste aukerarik", eta Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian aplikatzeko prest agertu da, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak urriaren 10ean (urriaren 1eko erreferendumaren emaitzak onartu eta independentziaren aldarrikapena eten zuenean) mugak gainditu zituela iritzita.

"Berak aukeratu zuen 155.ak aurrea egitea. Berak, eta ez beste inork", baieztatu du Rajoyk Senatuko bilkuran egindako hitzaldian, bere Gobernuak Katalunian aplikatu nahi dituen neurriak onar ditzaten eskatzeko.

Rajoyk azpimarratu egin du Katalunian "argi eta garbi urratu egin dute legea" eta, hori dela eta, "denon demokrazia eta eskubideak". "Horrek guztiak ondorioak ditu", ohartarazi du.

Hala, "legea inposatzeko ordua da, Katalunian gehiegikeriak egitea saihesteko, ez Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko, baizik eta indartzeko". "Kataluniaren mehatxua ez da 155.a, Generalitatearen Gobernuaren jarrera baizik".

Rajoyk, bestalde, onartu egin du aurretik aplikatu ez den aukerari heldu ahal izan diola, "askok" eskatu bezala, baina "normaltasunera" bueltatzeko denbora bazegoela uste zuten.

Rajoyren arabera, Puigdemontek "soberan" izan dituen "aukerei" uko egin eta gero erabaki dute 155ari heltzea, independentziaren aldarrikapena bertan behera uzteko aukera izan zuelako.

Gobernu espainiarraren buruak, hortaz, neurriak onartzea eskatu dio Senatuari. Neurri horietako bat da hauteskundeak deitzea eta, azaldu duenaren arabera, "nire asmoa ahalik eta arinen egitea da".

EAJ

Jokin Bildarratz EAJren Senatuko bozeramaleak "neurriz jokatzea" eta "atzera egitea" eskatu dio Rajoyri, erabaki "oso larria, muturrekoa, aurrekaririk gabekoa" delako; "badakigu nola hasiko den, baina ez nola bukatuko den".

Gainera, "muturreko jarrerek" eraman ez ditzatela esan dio berriz Bildarratzek Rajoyri, oraindik denbora dagoelako konponbide batera heltzeko "legearen eta demokraziaren errespetutik", eta bide hori elkarrekin egin behar da.

Bildarratzek gogorarazi egin dio presidente espainiarrari "euskal nazioa eta nazio katalana" existitzen direla eta ezin dutela ukatu.

ERC

Mirella Cortes ERCren senatariaren iritzian, PSOE eta Ciudadanos Gobernu espainiarren "gaizkide" izango dira, Katalunian zerbait gertatzen bada, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu ostean.

Cortesek abisua eman die biei, hitza hartu duenean. Hitzaldia bukatutakoan, Salbador Ginerrek idatzitako "Catalunya espainiarrentzat" izeneko liburuaren ale bat eman dio Mariano Rajoyri.

Miller ziur agertu da "ezinezkoa da Espainia barruan katalanek nahi duten Katalunia egotea" eta urte gehiagotan Kataluniako "errepublikak" dirua ematen jarraitzea, nazioarteko elkartasunaren baitan, proposatu du, "baldin eta dirua arazo bada". Gainera, azpimarratu du nahi dutela balizko egoera horretan nortasun bikoitza izatea, mugarik ez izatea eta harreman onak zein anaitasuna nagusitzea.

EH Bildu

Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak ere gogor gaitzetsi du Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen 155 artikulua. Slobodan Milosevicek Jugoslavian ezarritako diktadurarekin parekatu du Rajoyk Katalunian egin nahi duena, "erabiltzen ari diren errepresioagatik eta mehatxuengatik".

Katalunian gertatzen ari dena "gatazka politikoa" dela azpimarratu du, eta "elkarrizketa" dela gatazka hori konpontzeko bide bakarra gaineratu du. Iñarrituren iritzian, munduan ez da hautestontziak lapurtu dituen beste poliziarik.

PSOErekin ñabardurak adostuta

PSOEren emendakinaren arabera (PPk onartu duen bakarra), bertan behera geratuko lirateke 155.aren neurriak, horren eragilea desagertzen bada. Izan ere, sozialistek, Ander Gil Senatuko bozeramaleak azaldu zuenez, "zubi" gisa erabiltzea espero dute, "azken orduko konponbidea" izateko. Alabaina, JxSi eta CUPen akordioaren berri izan eta gero, atzera egin dute eta ez dute emendakin hori onartuko.

Hortaz, PSOEren emendakin bakarra, hedabide publikoen ingurukoa bozkatu ahal izango da saioan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy