Politika -
Katalunia
Milaka ikasle kalera atera dira Bartzelonan, 155. artikuluaren kontra
Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart askatzea ere eskatu dute protesta deitu duten Universitats per la República plataformak eta ikasleen sindikatuek.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka ikaslek parte hartu dute gaur Bartzelonan, 155. artikuluaren aplikazioaren kontra eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart askatzea eskatzeko Universitats per la República plataformak eta ikasleen sindikatuek deitutako manifestazioan. Grebaren jarraipenari buruzko datu ezberdinak zabaldu dituzte batzuek eta besteek: 9.000 Bartzelonako Udaltzaingoak eta 20.000 Universitats per la Repúblicak.
Manifestazioa Unibertsitate plazatik atera da, Omnium Culturalaren egoitzatik igaro da (Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omniumeko eta ANCko presidenteei elkartasuna adierazteko) eta Sant Jaume plazan amaitu da, Generalitatearen aurrean.
Ibilbidean zehar, Kataluniako errepublika aldarrikatzea, 155. artikulua ez aplikatzea eta hauteskunde autonomikoak ez deitzea eskatu dute.
Bartzelonan ez ezik, mobilizazioak izan dira Gironan, Lleidan eta Tarragonan. Bertako udaltzainek emandako datuen arabera, Gironan 1.500, Lleidan 1.200, eta Tarragonan 500 pertsona elkartu dira.
Universitats per la República plafatormak eta ikasleen sindikatuek greba deitu dute unibertsitateetan eta Bigarren Hezkuntzan, 155. artikulua aplikatzearen kontra, Kataluniako erakundeen alde eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart askatzea eskatzeko. U-1eko emaitzak aplikatzea ere eskatzen dute.
Plafatormak mobilizazio gehiago deitu ditu azkenaldian: erreferendumaren aldeko manifestazioa (irailaren 28an), martxa isila (urriaren 2an) eta elkarretaratzeak (urriaren 17an).
UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, greba egin dute asteazkenean, ikasleen sindikatuek deituta, eta "jarraipen irregularra" izan du, unibertsitatearen arabera.
Hezkuntza Komunitatearen Marko Bateratua ere 'No ens toqueu l'educació!' (Hezkuntza ez ikutu) lelopean mobilizatu da, "hezkuntza publikoaren alde" eta "155. artikuluaren aplikazioaren bidez suntsitzearen kontra".