Politika -

Katalunia

Puigdemontek ez du agerraldirik egingo Senatuan

Carles Puigdemontek uste du Senatura joatea "denbora galtzea" dela, 155. artikulua ezartzeko erabakia hartuta dagoelako jada.

Carles Puigdemont / EITB.
Carles Puigdemont / EITB.
Carles Puigdemont / EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemontek Espainiako Senatura ez joatea erabaki duela jakinarazi die gaur Carmen Forcadellek Kataluniako Parlamentuko taldeei, EFE albiste-agentziak zabaldu duenez.

Senatura joan ala ez, Espainiako Gobernuak Katalunia esku-hartzeko erabakia hartuta duela konbentzituta dagoelako erabaki du Puigdemontek Madrilera ez joatea, Generalitateko iturriek azaldu dutenez.

Nolanahi ere, Puigdemontek dokumentu batean bildu ditu 155. artikuluaren kontrako alegazioak eta Senatura igorriko ditu.

Arratsaldean, Puigdemontek ondoko mezua zabaldu du sare sozialetan: "Ez dugu denborarik galduko Kataluniako autogobernua suntsitzea erabaki dutenekin. Aurrera! #CatalanRepublic".

Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzearen kontrako alegazioak aurkezteko, Generalitateko presidenteak ostegun arratsaldean Senatuan agerraldia egingo zuela iragarri dute berri-agentziek goizean, baina ez da halakorik gertatuko.

Ostegun arratsaldean Kataluniako Parlamentuan izango da Puigdemont, 155. artikuluaren kontra eman beharreko erantzuna eztabaidatzeko osoko bilkuran.

Forcadellek osoko bilkura hori 10:00etarako deitu zuen, Puigdemontek arratsaldean Senatuan egoteko aukera izan zezan. Senatuko batzordearen bilera arratsaldeko 17:00etan hasiko da.

Alabaina, Puigdemonten erabakiaren ondotik, Forcadellek Kataluniako Ganberako osoko bilkura 17:00etan hasiko dela iragarri du. Ciudadanosi erabaki hori ez zaio gustatu eta Bozeramileen Batzordea biltzea eskatu du, aipatu saioa bihar goizean egin dadila galdegiteko.

Kataluniako Parlamentuko saioa

Parlamentuko iturrien arabera, Junts pel Si eta CUPeko ordezkarien hitzartzeekin hasiko da osoko bilkura, ostegunean, 17:00etan. 15 minutu izango dituzte euren azalpenak emateko.

Ondoren, Puigdemontek egingo du agerraldia. Kataluniako presidenteak ez du denbora mugarik izango, eta haren ostean gainerako taldeetako bozeramaileen txanda izango da. 30 minutu izango ditu bakoitzak.

Agerraldiak amaituta, taldeek proposamenak erregistratzeko epea irekiko dute eta Parlamentuko Mahaia ostiral goizean, 10:00etan, batzartuko da, ebazpen horiek tramitatzeko.

Junts pel Sik eta CUPek Kataluniaren independentzia deklaratzea proposatzen badute, oso litekeena da oposizioko taldeak proposamen hori ez onartzeko eskaera egitea.

Taldeek eguerdira arteko epea izango dute euren proposamenak negoziatzeko eta, beraz, bozketa ostiral arratsaldean izango dela espero da.

Bestalde, azken orduotako nahasmenak ANCk deitutako mobilizazioan ere izan du eragina. Hasiera batean, ostegun arratsalderako antolatu zuten elkarretaratzea.

Alabaina, Kataluniako Errepublika independentearen balizko deklarazioa ostiral goizean izan daitekeela eta, ANCk ostiralean, 12:00etan, Parlamentuaren aurrean biltzeko deia luzatu die herritarrei.

Mendez de Vigo: "Argi dago ez duela hitz egin nahi"

Bitartean, Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak uste du Senatura joateari uko eginda, agerian geratu dela Puigdemontek ez duela hitz egiteko asmorik. "Argi dago Puigdemont jaunak ez duela hitz egin nahi", erantsi du.

"Horrelako tokietara etortzen ez bada, elkarrizketarik nahi ez duelako da, hitz egin nahi ez duelako eta errekerimenduei erantzun nahi ez dielako", adierazi du.

Areago, Mendez de Vigok esan du Puigdemontek "hasieratik" egin diola uko elkarrizketari; izan ere, "urtarrilean ez zuen Presidenteen Konferentzia parte hartu eta Kataluniaren aulkia hutsik utzi zuen", kritikatu du.

Kataluniako Parlamentuko abokatuak: Espainiako Gobernuaren neurriak Zuzenbide Estatuaren kontrako erasoak dira

Kataluniako Parlamentuko abokatuek egindako txosten baten arabera, Espainiako Gobernuak Konstituzioko 155. artikulua aplikatuz hartuko dituen neurriak "Zuzenbide Estatuaren kontrako erasoak dira", eta legezkotasun eta arau-hierarkiaren printzipioak urratzea ekarriko dute errege dekretu bat Estatuaren gainetik nagusitzen bada.

Parlamentuko idazkari nagusiak eskatu die aipaturiko txostena egitea legebiltzarreko abokatuei, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak Parlamentuan izango lituzkeen ondorioak aztertzeko eta balizko inpugnazio neurriak aztertzeko. 155. artikuluaren kontra "administratiboki, konstituzionalki eta penalki" erantzuteko eskatu zion astelehenean JxSik Kataluniako Parlamentuari, eta zerbitzu juridikoak aukerak aztertzen hasi ziren.

Parlamentuko iturriek Europa Press albiste agentziari adierazi diotenez, txostenak abokatuen batzordetik pasatu behar du oraindik. Beraz, litekeena da dokumentuan aldaketak egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma Albisteak Pere Aragonès