Politika -
Manifestazioa Katalunian
Milaka lagun kalean, Sànchez eta Cuixart babesteko eta 155.aren kontra
"Eskubideen eta askatasunen defentsa" lelopean, manifestazioa egin dute Bartzelonako kaleetan, Carles Puigdemont eta Generalitateko kideak buru direla.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka lagun kalera irten dira larunbat honetan Bartzelonan, Jordi Sànchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidentea eta Jordi Cuixart Omniumeko burua babesteko, eta Katalunian 155. artikulua ezartzearen kontra protesta egiteko. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 450.000 lagun bildu dira manifestazioan
"Independentzia eta askatasuna" oihu artean egin dute martxa, Taula per la Democraciak deituta, eta "Eskubideen eta askatasunen defentsa" lelopean.
Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezartzeko proposatutako neurrien iragarpena egin eta ordu batzuetara egin dute protesta kalean. Hain zuzen ere, Puigdemont eta haren Gobernu osoa kargugabetzea da iragarritako neurrietako bat, hauteskundeak deitzeko asmoarekin batera, eta neurri horien kontrako proesta ere izan da gaurkoa.
Carles Puigdemontek, Oriol Junquerasek, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak, Artur Masek eta hainbat kontseilarik eta buruzagi independentistek hartu dute parte protestan. Manifestazioaren bigarren buruan izan dira, aurretik ANCko eta Òmniumeko ordezkariak izan baitira. Ada Colau Bartzelonako alkatesa ere manifestazioan izan da.
BIDEOA 'Els Segadors' Kataluniako ereserkiak itxi du Bartzelonako manifestazioa
Mezua kartzelatik Jordi Sànchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidenteak eta Jordi Cuixart Omniumeko buruak mezu bat helarazi dute kartzelatik eta manifestariei eskatu diete ez dezatela independentzia eta elkarrizketa babeste utzi.