Politika -
Katalunia
Independentzia aldarrikatzeko osoko bilkura zehazteko bilera, astelehenean
Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak hurrengo osoko bilkuraren eguneko gaien zerrenda erabakiko du. Horretan, Junts Pel Sí eta CUP alderdiek independentzia aldarrika lezakete.
Agentziak | Erredakzioa
Bozeramaileen Batzordeak Kataluniako Parlamentuaren hurrengo osoko bilkuraren gai zerrenda eztabaidatzeko bilera egingo du datorren astelehenean, urriak 23, goizeko 10:30ean, Carme Forcadellek deituta. Bilkura horretan, baliteke JxSi eta CUP alderdiek independentziaren aldeko aldarrikapena egitea.
Independentziaren aldeko osoko bilkura, beraz, ez da aste honetan izango, eta datorren astetik aurrera egingo da, deialdiaren data eta gai zerrenda ezartzearen ardura Bozeramaileen Batzordea baitu.
Europa Press albiste agentziak jakinarazi duenez, eguneko gai zerrendaren bigarren puntuan garatuko dute gai hori, eta litekeena da JxSi eta CUP alderdiek Politika Orokorreko Eztabaida bezala edo eztabaida monografikoa bezala deitzea.
Bata zein bestean, ez lukete aurretik azaldu beharko independentziaren aldeko aldarrikapena egingo duten edo ez; eta beraz, Auzitegi Konstituzionalaren eskakizunetik ihes egingo lukete, ohiko osoko bilkuretan aurretik zehaztu behar baitira zeintzuk izango diren jorratuko dituzten gaiak.
Politika Orokorreko Eztabaida bezala edo eztabaida monografiko bezala deituko balute, ordea, taldeek gaiak aurkeztu ahala bozketa egingo lukete.
Independentzia aldarrikatzeko bidearen bila
JxSi eta CUP alderdiek independentzia aldarrikatzeko bidearen bila ari dira. Ostegunean, Carles Puigdemont presidenteak lehenbiziko aldiz proposatu zuen, Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua abian jartzekotan, Parlamentuak independentziaren adierazpen formala bozkatu lezakeela.
Orain, deklarazioa bere horretan bozkatu edota independentziak Kataluniako Parlamentuaren bermea duela erakusten duen testuren bat bozkatu behar den ari dira eztabaidatzen alderdi independentistak.
Catalunya en Comu taldeak dagoeneko aurreratu duenez, ez du aldebakarreko independentzia deklarazioa bozkatuko, baina zeharka bada ere, prozesu konstituziogilearen hasiera aipatuko lukeen ebazpena babestuko luke.
Erreferendum legearen arabera, urriaren 1eko erreferendumean baiezkoak irabaziz gero, independentzia Kataluniako Parlamentuan inolako bozketarik egin gabe deklaratu behar da, azken hitza herriarena dela iritzita. Ildo horretan, puntu hori errespetatzearen aldeko jarrera agertu du CUPek.
Mahaiaren bilera, asteartean
Bozeramaileen Batzordearen bileraz gain, Carme Forcadellek Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren bilera deituko du astearterako 10:00etan, Parlamentuko iturriek Europa Press albiste agentziari azaldu diotenez. Parlamentuko Mahaiak zehaztuko ditu osoko bilkuraren xehetasunak.
Hala ere, osoko bilkura ez da formalki deituta egongo Parlamentuko presidenteak kartaz eta banan-banan diputatu bakoitzari plenoaren ordua eta arrazoia azaltzen dion arte.