Politika -

Katalunia

Senatuak datorren ostiralean onartuko ditu 155.a ezartzeko neurriak

Senatuko Mahaia larunbatean bilduko da, hilaren 21ean, neurri horiek zein izango diren zehaztu behar duen Ministro Kontseilua amaitutakoan.

Senatua hilaren 27an bilduko da; Mahaia, aldiz, hilaren 21ean. Argazkia: EFE.
Senatua hilaren 27an bilduko da; Mahaia, aldiz, hilaren 21ean. Argazkia: EFE.
Senatua hilaren 27an bilduko da; Mahaia, aldiz, hilaren 21ean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuaren bilkurak datorren ostiralean, urriaren 27an, onartuko ditu Espainiako Gobernuak, 155. artikuluaren harira, hilaren 21ean Kataluniarako adostuko dituen neurriak, Parlamentuko iturriek EFEri jakinarazi diotenez. Ganberaren gehiengoaren babesa behar dute neurri horiek abiatzeko.

Senatuko Mahaia larunbatean bilduko da, ezohiko Ministro Kontseilu amaitutakoan. Kontseilu horretan zehaztuko du Mariano Rajoyren Gobernuak zein neurri hartuko dituen. Bertan adostuko dutenez, 27 senatari arduratuko dira Gobernuaren proposamena tramitatzeaz, bilkuran aurkeztu aurretik; Autonomia Erkidegoetako Batzorde Orokorreko eta Konstituzio Batzordeko senatariak.

Pio Garcia-Escudero Senatuko presidentea izango da osatuko den batzordearen presidentea, Goi Ganberako iturriek azaldu dutenez, eta horren esku egongo da larunbatean Mahaiaren bileraren presidentetza. Gobernuaren aginduak tramitatuko ditu Mahaiak bilera horretan.

Bi bide posible

Senatuak bi bide posible ditu, bi aukera, Gobernuaren eskaria abiatzeko: Autonomia Erkidegoetako Batzorde Orokorraren bidez edo batzorde berri baten bidez (senatari horiek leudeke tartean).

Bigarren eredu horren alde egingo du Mahaiak. Bertan, Senatuan bezala, gehiengoa du PPk: zazpi kide daude guztira, eta PPk lau ditu. PSOEk bi ditu eta EAJk bat.

Litekeena da batzordea astelehenean eratzea, talde bakoitzak proposatutako kideekin eta XII. Legegintzaldiko ohiko batzordeek duten proportzioan; hau da, PPko hamabi senatari, PSOEko sei, Unidos Podemoseko bi, eta ERCko, PDeCATek eta CCk osatzen duen Talde Nazionalistako, EAJko eta Talde Mistoko bana.

Batzorde horren betebeharra (Ganberaren Araudiaren 189. artikuluak arautzen du) garrantzitsua da; izan ere, Gobernuak Senatura eramango dituen neurriak zuzendu eta aldatzeko gaitasuna izango du, eta, halaber, aukera eman beharko dio Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari alegazioak egiteko, nahi badu.

Ohiko bilkura, asteartean eta asteazkenean

Datorren astean, ohiko bilkura egongo da Senatuan, asteartean eta asteazkenean, eta horrek Gobernuaren neurriak tramitatzeko egutegia baldintzatuko du. Azkenean, neurri horiek onartzeko bilkura ostiralean egingo dute, epeak ahalik eta gehien lotuta.

Araudiak ez du epe jakinik zehazten Autonomia Erkidegoko presidenteak alegazioak egiteko; hortaz, batzordeak berak erabakiko du, astelehenean, 189.3. artikuluak dioena kontuan hartuta.

Autonomia Erkidegoaren presidenteari eskatu ahalko dio batzordeak nahi beste aurrekari, datu eta alegazio; hala nahi izanez gero, bere ordez tramite horretan arituko den pertsona ere izendatzeko eskatu ahalko dio.

Horrek esan nahi du Puigdemontek egokia iruditzen zaion dokumentazioa bidali nahi duela, bere burua defendatzeko, eta bera joatea edo bere ordez joateko beste pertsona bat izendatzea aukeratu ahalko du.

Nolanahi ere, batzordea beste behin bildu beharko da, hilaren 26an segur aski, eta, balizko dokumentu eta testigantza guztiak jasota ebatziko du Espainiako Gobernuak proposatutakoa egokia den eta proposamen horretan aldaketarik sartzen duten.

Batzordearen txostena hurrengo egunean eztabaidatu eta bozkatuko du bilkurak. 155. artikuluak dioenez, Senatuaren gehiengo osoa beharko du proposamena onartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua bideoak Espainia Alderdi politikoak bideoak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès albisteak Senatua gaur