Politika -
Kataluniako erreferenduma
Guardia Zibila Mossoen Lleidako egoitzan sartu da, U-1eko frogen bila
Guardia Zibilaren agenteek dokumentazio ugari eskatu diete Lleidako Ponenteko polizia-etxeko mossoei.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilaren hainbat agente Esquadra Mossoen Ponenteko polizia-etxean sartu dira ostegun goizean, Lleidan, Kataluniako Poliziak urriaren 1ean telefono bidez egin zituen komunikazioen grabazioak jasotzeko asmoz.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak agiri baten bidez jakitera eman duenez, Lleidako 4. Instrukzio Epaitegiak aginduta sartu dira agenteak bertan, eta U-1ean egindako grabazioak eskatu diete mossoei, baita erreferendumaren aurreko eta osteko orduetakoak ere.
Gainera, Guardia Zibileko agenteek dokumentazio ugari eskatu diete Esquadra Mossoen polizia-etxe horretako agenteei.
Bi agintariren eta agente baten telefonoen informazioa
Guardia Zibilak, hain zuzen, Polizia autonomikoaren bi agintariren telefonoei buruzko informazioa eskatu du, baita urriaren 1eko segurtasuna koordinatzen ibili zen beste agente batena ere, iturri juridikoek Europa Press agentziari jakinarazitakoaren arabera.
Errekerimenduan, polizia-etxe horretatik irrati bidez egindako komunikazioen kopia ere eskatu dute, Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma bertan behera utzi ostean, Kataluniako Auzitegi Nagusiak hori saihesteko agindua eman ondoren.
Guardia Zibilak Reus hiriko 112ren egoitza miatu zuen duela bi egun, epaile batek aginduta. Agintariek urriaren 1ean izandako elkarrizketak gordetzea eskatu zieten Esquadra Mossoei, egun hartan Kataluniako Poliziak nahita saihestu zuen jardutea ikertzen ari baitira.