Politika -

Katalunia

Puigdemontek independentzia aktibatuko du, Rajoyk 155a ezarriz gero

Horrez gain, Generalitateko presidenteak hauteskundeak aurreratzea baztertu du.

Carles Puigdemont PDeCAT alderdiaren bilera. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont PDeCAT alderdiaren bilera. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont PDeCAT alderdiaren bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak PDeCAT alderdiaren babesa jaso du independentzia deklarazioa indarrean jartzeko, Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua ezartzen badu.

Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du alderdi horrek arratsalde honetan egin duen bileraren inguruko xehetasunak azaltzeko. "Determinazio handiz jokatzen ari gara. Estatuak 155a aplikatzen badu, presidenteak gure babes guztia dauka independentzia deklarazioa indarrean jartzeko", azpimarratu du.

Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazioa aldi baterako etetea erabaki zuen, nazioarteko bitartekaritza bilatu eta Espainiako Estatuarekin elkarrizketa bat abiarazteko asmoz.

Pascalek ez du argitu nola eta noiz jarriko litzatekeen indarrean independentzia deklarazioa. Katalunia Errepublika independentea bilakatzeko estrategia zehaztea Generalitateko presidenteari dagokiola erantsi du.

Hauteskundeak aurreratzeko aukerari, ezezkoa

Horrez gain, hauteskundeak aurreratzeko aukera Kataluniako Gobernuaren nahiz PDeCATen mahai gainean ez dagoela berretsi du, ezta independentzia deklarazioari uko egitea ere, Espainiako Gobernuak exijitu bezala.

Gaur jakinarazi du Mariano Rajoyren exekutiboak ez duela Espainiako Konstituzioaren 155. Artikulua ezarriko, Puigdemontek hauteskundeak deitzen baditu, independentziarako ibilbide-orria baztertuta.

"Asmo txarrez zabaldutako zurrumurruak dira", ohartarazi du Pascalek.

Hauteskunde konstituziogileak deituko ote lituzkeen galdetuta, Pascalek baietz erantzun du, Junts pel Siren ibilbide-orrian hala zehaztuta dagoelako. Alabaina, deialdia berehalakoa izango ez dela zehaztu du, "independentzia aldarrikatu eta hilabete batzuk igaro ostean izango da hori".

Rajoyri erantzuna eta biltzarra

Espainiako Gobernuak egindako errekerimenduaren epea ostegun honetan amaituko da, 10:00etan.

Puigdemontek zuhurtzia eta irmotasuna eskatu dituela, baina Mariano Rajoyri eman beharreko erantzunaren edukiaz hitz egin ez duela azaldu du Pascalek.

Bestalde, datorren azaroaren 11an PDeCAT alderdiak biltzar politikoa egingo duela iragarri du eta, beste gai batzuen artean, Kataluniako Errepublikaren Konstituzioa nola landu aztertuko dutela jakinarazi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea