Politika -
Auzitegi Nazionala
Erreferenduma galarazten aritu ziren mossoak identifikatzeko agindu dute
Urriaren 1eko erreferenduma galarazteko zenbat mosso bideratu ziren, nortzuk diren eta zer egin zuten jakin nahi du Carmen Lamela epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Joan den urriaren 1eko erreferenduma galarazteko Esquadra Mossoek zenbat agente bideratu zituen eta herritarrek bozkatzea ekiditeko agente horiek zer egin zuten argitzeko agindua eman du Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagiaren kontra sedizioagatik irekietako auziaren baitan emandako agindua da.
EFE albiste-agentziak ikerketaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, urriaren 1eko dispositiboan parte hartu zuten mossoen zenbaki profesionalak bidaltzea eta agente horiek erreferenduma galarazteko egin zutena zehatz-mehatz azaltzea agindu du Lamela epaileak, Fiskaltzak hala eskatuta.
Erreferenduma galarazteko asmoz Guardia Zibilak egindako polizia-operazioa salatzeko protestak izan ziren Bartzelonan irailaren 20an eta 21ean. Mobilizazio horien harira, Josep Lluis Traperori sedizioa egotzi zioten eta orain ikerketa hori zabaltzea nahi du Fiskaltzak, mossoek erreferenduma saihesteko beren eskuetan zegoen guztia egin ez zutela iritzita.
Fiskaltzak Trapero kartzelatzea eskatu zuen, baina Lamela epaileak aske uztea ebatzi zuen, kautelazko neurriak ezarrita: hamabostean behin epaitegira joatea, pasaportea kenduta eta Espainiako Estatutik irtetea debekatuta.