Politika -
Katalunia
ANCk independentzia aldarrikatzea eskatu du, elkarrizketa falta tarteko
"Elkarrizketa abiatzeari Espainiako Estatuak emandako ezetzaren aurrean, etetea altxatzea eskatzen diogu Parlamentuari", adierazi du elkarteak ohar batean.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Asanblea Nazionalaren (ANC, katalanez) Idazkaritzak ezohiko bilera egin zuen ostegunean, eta Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari independentzia berehala aldarrikatzeko deia egitea erabaki du, ohar batean zabaldu duenez.
Asteartean independentziaren ondorioak aldi baterako etetea eskatu zuen Puigdemontek, elkarrizketari bidea emateko. Hitz egiteari muzin egin dio, ordea, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak, eta, jarrera hori ikusita, etete hori bertan behera utzi eta independentzia aldarrikatu behar dela uste du elkarte subiranistak.
"Espainiako Estatuak elkarrizketarako edozein proposameni emandako ezetzaren aurrean, etena altxatzea eskatzen diogu Parlamentuari, Puigdemont presidenteari eta Generalitateari. Indarrean jar dezatela trantsizio legea", adierazi du ANCk oharrean.
Independentzia asteartean bertan aldarrikatzearen aldekoa zen ANC, baina elkarrizketa helburu, Puigdemontek independentziaren ondorioak aste batzuez eteteko egindako proposamena onartu zuen.