Politika -
KATALUNIA
'Aurrebaldintzarik gabe' hitz egiteko prest dagoela esan du Puigdemontek
CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean, Generalitateko eta Espainiako Gobernuko bina ordezkariren artean lehen bilera egitea eskatu du, 'bitartekarik bat adosteko, adibidez'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont Generalitateko presidentea "aurrebaldintzarik gabe" Espainiako agintariekin hitz egiteko prest agertu da, bi aldeen arteko jarrerak hurbiltzeko. CNN AEBko telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, Generalitateko eta Espainiako Gobernuko bina ordezkariren artean lehen bilera egitea eskatu du, 'bitartekarik bat adosteko, adibidez'.
"Gauden puntuan garrantzitsuena hitz egitera esertzeko aurrebaldintzarik ez izatea da, baldintza egokietan hitz egin behar dugula onartzea", esan du Puigdemontek independentziaren ondorioak behin-behinean eten eta elkarrizketarako deia egin eta biharamunean. Ildo horretan, Puigdemontek esan du elkarrizketa hori "aurrebaldintzarik" eta "betorik gabe" egin behar dela, Espainiako Estatuak zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez inposatu gabe.
Puigdemontek bi gobernuen arteko lehen bilera bat egitea proposatu du, jarrerak hurbiltzeko. "Agian, elkarrizketa horretan lagun dezake gobernu bakoitzak bina ordezkari izatea, eta lehen bilera hori baliatu daiteke, adibidez, bitartekari bat adosteko"; azaldu du. Beraz, lehendabiziko batzarrean Exekutibo bakoitzak ordezkari bina izatea eta bilera hori negoziazioaren oinarriak zehazteko erabiltzea proposatu du.
Kataluniako parlamentuan atzo egindako hitzaldiaz galdetuta, Puigdemontek adierazi du "lasaitasun mezu bat" bidaltzea zela bere helburua. Gaineratu duenez, Katalunia "arazo politiko" bati aurre egiten ari zaiola gogoratu nahi zion jendeari eta arazo hori "politikarekin eta ez poliziarekin" konpondu behar dela.