Politika -
KATALUNIA
Puigdemont independentzia adierazpenari azken ukituak ematen ari da
Generalitateko presidenteak 18:00etan egingo du agerraldia Kataluniako Parlamentuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemont Generalitateko presidentea independentzia adierazpenari azken ukituak ematen ari da. Aurreikuspenak betetzen badira, Puigdemont presidenteak independentzia aldarrikatuko du Kataluniako Parlamentuan 18:00etatik aurrera egingo duen agerraldian. Hainbat iturri soberanistek albiste agentziei azaldu dietenez, "prozesu konstituziogilea" abiatzea proposatuko du bere hitzaldian.
Agerraldiaren bezperako eguna, astelehena, frenetikoa izan da eragile soberanistentzat; izan ere, Puigdemonten agerraldiaren ondotik ireki daitezkeen eszenatokiez hitz egiteko tartea hartu dute.
Prozesu independentistako hainbat ordezkarik -Carles Puigdemont, Oriol Junqueras, alderdi eta erakundeetako ordezkariak eta buruzagi ohiak- bilera andana egin dituzte goizez eta arratsaldez, independentzia adierazpenari azken ukituak emateko. Hala ere, azken testua gaur bertan amaituko dute, agentzien arabera.
Agentzien esanetan, Puigdemontek bi puntu azpimarratuko ditu bere hitzaldian: batetik, bere Gobernuak Estatu espainiarrarekin hitz egiteko duen borondatea; bestetik, bitartekaritza bilatzeko premia.