Politika -
Katalunia
Elkarrizketaren aukerari heltzeko eskatu die Colauk Puigdemonti eta Rajoyri
Bartzelonako alkateak berretsi egin du Kataluniaren independentzia aldarrikatzearen aurka dagoela.
Agentziak | Erredakzioa
Ada Colau Bartzelonako alkateak elkarrizketaren aukera behin betiko baztertzea eragin dezakeen erabakirik ez hartzeko eta arduraz jokatzeko dei egin die Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.
Astearte honetan Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu dezakeela eta, Colauk adierazpen instituzionala egin du Bartzelonako udaletxean.
Colauk berretsi egin du Puigdemontek aldebakarreko independentzia aldarrikatzearen kontra dagoela, baita Rajoyk Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzearen aurka ere.
Colauren hitzetan, "urriaren 1eko emaitzekin ezin daiteke independentzia aldarrikatu".
"Ez da trenen arteko talkarako garaia, elkarrizketarako eta bide berria asmatzeko unea da", erantsi du.
Bartzelonako alkateak esan du Katalunia eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka nazioarteko bitartekaritza baten bidez konpontzeko aukera bat ireki dela egunotan. Horrela bada, bitartekaritza onartu eta elkarrizketari heltzeko eskatu die biei.
Ildo horretan, independentzia aldarrikatzeari uko egin diezaiola galdegin dio Puigdemonti.
Rajoyri, berriz, hiru eskaera zehatz egin dizkio: Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ez aplikatzeko, Kataluniako erakundeen kontuen interbentzioa amaitzeko eta Guardia Zibila eta Espainiako Poliziaren dispositibo bereziak Kataluniatik erretiratzeko.