Politika -
Katalunia
Sanchezek elkarrizketa eskatu du, baina Estatuaren erantzuna babestu
“Aldebakarreko independentzia aldarrikapena baztertu, legezkotasunaren bidera itzuli”, ohartarazi du PSOEko idazkari nagusiak.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak bihar aldebakarreko independentzia aldarrikatzen baldin badu, Estatuaren erantzuna “babestuko” duela ohartarazi du gaur Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Horregatik, bide hori “baztertu” eta “elkarrizketa” berreskuratzeko eskatu dio buruzagi sozialistak Puigdemonti, “oraindik garaiz gaude eta”.
Sanchezek Miquel Iceta PSCko buruzagiarekin batera Bartzelonan eman duen prentsaurrekoan adierazi duenez, “aldebakarreko independentzia aldarrikapena baztertu eta legezkotasunaren bidera itzuli behar du”.
“Aldebakarreko independentzia aldarrikapen batek ez du lekurik inongo Zuzenbide Estatutan. Elkarrizketarako eskua luzatzen dugun bezala, aldebakarreko edozein haustura saiakeraren aurrean Estatuaren erantzuna babestuko dugu”, erantsi du.
"Abertzalea" izateko eskatu dio Icetak Puigdemonti
Bestalde, astearte honetan Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkuran independentzia ez aldarrikatzeko eta “abertzalea” izateko eskatu dio Miquel Iceta PSCko idazkariak Puigdemonti.
“Kataluniar guztien interesen eta Kataluniako autogobernuaren defentsan, abertzaletasunagatik”, aldebakarreko independentzia aldarrikapena egitea “saihesteko eskatu nahi diot”, esan du.