Politika -

Katalunia

Puigdemont: 'Estatuak erantzuten ez badu, gure egitekoa beteko dugu'

Marta Pascal PDeCATen koordinatzaile nagusiak BBC telebista kateari esan dionez, Puigdemontek "aldarrikapen sinbolikoa" egingo du astearteko saioan, Kataluniako Parlamentuan.

Argazkia: EFE
Puigdemontek berretsi du 'legeak dioena' egingo dutela bihar Katalunian

1:31

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak tamalgarritzat jo du Estatuak bitartekaritzarako proposamenak ukatzea, eta "Estatuak ez badu zuzen erantzuten, guk gure egitekoa beteko dugu", gaineratu du.

TV3en, '30 minuts' saioko erreportaje batean, esan du hori Puigdemontek, Europa Pressen arabera. Edonola ere, Kataluniako presidenteak ez du zehaztu zer pauso emango dituen erreferenduma egin eta gero, ezta asteartean Parlamentuan egingo den saioan independentzia aldarrikatuko duen ere.

TV3k, baina, erreportajearen aurrerapen bat emititu du, eta independentzia aldarrikapenaz ere mintzatu zen bertan. "Independentziaren aldarrikapena erreferendumaren legean jasota dago, emaitzak aplikatzeko; hortaz, aplikatu egingo dugu legeak dioena", esan omen zuen elkarrizketan, baina, esaldi hori ez da erreportajean agertzen.

Halaber, Puigdemontek onartu du ez duela harremanik Espainiako Gobernuarekin: "Aspalditik ez daukagu harremanik, eurek saihestu egiten dutelako gai honen inguruan hitz egitea. Gai honen inguruan ez hitz egitea nahi zuten", gaineratu du.

"Katalunian gertatzen ari dena erreala da, eurei gustatu ala ez. Milioika lagunek eman dute botoa, eta erabaki nahi dute. Honen inguruan hitz egin behar dugu. Zeren inguruan uste dute hitz egin behar dugula? Zer dela-eta mobilizatzen da jendea, euren ustez? Jendea ez da mugitzen eta ez dio polizia indarkeriari aurre egiten finantzaketa ereduaren erreforma bat lortzeko. Izan gaitezen denok zintzoak. Kataluniaz hitz egin behar dugu, baina Espainiako Gobernuak ez du horretaz hitz egin nahi?”, adierazi du.

Enric Millo

Saioan, Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaria ere elkarrizketatu dute, eta hark bere buruari galdetu dio ia zergatik den independentzia erreferenduma irtenbidea.

"Galdera bat egiten diot nik neure buruari: zergatik izan behar du erreferenduma gatazka baten konponbidea? Erreferenduma azkenean 50 gehi 1 sindromea da. Irabazleak eta galtzaileak daude. Hurrengo egunean, zer konpondu dugu? Gatazkak hor jarraitzen du. Adostasun formula bilatzearen aldekoa naiz. Asko hitz egin, konexio puntuak aurkitu, denok zerbaitetan etsi eta elkarrekin lanean jarraitu”, esan du.

Aldarrikapen sinbolikoa

Aldiz, Marta Pascal PDeCATen koordinatzaile nagusiak BBC telebista kateari adierazi dionez, Puigdemontek "aldarrikapen sinbolikoa" egingo du astearteko saioan, Kataluniako Parlamentuan.

Hala azaldu du alderdi nazionalistaren ordezkari eta diputatuak Puigdemontek emango dituen pausoak. Horren arabera, hortaz, ez du aldebakarreko independentzia aldarrikapena egingo, aipatutako hedabidearen arabera.

Pascalen esanetan, Generalitateko presidenteak U-1ean egindako erreferendumaren balioa onartuko du, nahiz eta Espainiako Gobernuak eta Justiziak legez kanpokoa dela esan duten.

Halaber, Kataluniako Gobernuko presidenteak gogoraraziko du herritarren gehiengo handiak independentziaren aldeko botoa eman zuela, eta bere gobernuak independentzia lortzeko hartuko dituen neurriak azalduko ditu, PDeCATeko koordinatzaile nagusiak BBCri azaldu dionez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Alderdi politikoak albisteak Pere Aragonès argazkiak