Politika -

KATALUNIA

Espainiako Gobernuak legea onartu du, enpresei egoitza aldatzea errazteko

Horrenbestez, aurrerantzean egoitza tokiz aldatzeko ez da beharrezkoa izango bazkideen batzarra deitzea.

Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak lege dekretu bat onartu du gaur, enpresen egoitza aldaketa prozedura azkartzeko. Neurri horri esker, aurrerantzean enpresen egoitza aldaketa administrazio kontseiluen esku egongo da eta ez da beharrezkoa izango bazkideen batzarrak deitzea.

Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan Luis de Guindos Espainiako Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun ministroak azaldu duenez, egoitza aldaketa onartzeko eskumena duten organoak zeintzuk diren zehazten du legeak. Halaber, tramiteak azkartzea ekarriko du legeak; izan ere, enpresaren estatutuetan kontrakorik agertu ezean, administrazio kontseiluek hori erabakitzeko eskumena izango dute.

Bazkideen batzarrak deitzeko baldintza ezabatuta, prozedura asko erraztuko da; izan ere, bazkideen batzarra deitzen denetik egiten den arte hilabete inguru pasa ohi da.

De Guindosen esanetan, lege dekretua bihar argitaratuko da araua Espainiako Aldizkari Ofizialean, baina aurrerantzean ere "azken erabakia enpresarena izango da". Gaineratu duenez, enpresariek egindako eskaria izan da eta neurria PSOErekin eta Ciudadanosekin komentatu du Espainiako Gobernuak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Espainiako Gobernua Gaurko azken orduko albistea