Politika -
Kataluniako erreferenduma
Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan asteartean agertzea eskatu du
"Egoera politikoaz" hitz egingo luke agerraldi horretan. Bitartean, Ganberako Mahaia ostiral honetako arratsaldean bilduko da, U-1eko erreferendumaren gaineko bilkurari heltzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitatearen presidenteak eskatu du agertzea Kataluniako Parlamentuan urriaren 10ean, datorren asteartean, "egungo egoera politikoaren gaineko" informazioa ematea xede. Ez du aipamenik egin errefendumari buruz, ezta Erreferendumaren Legearen 4. artikuluari buruz ere; artikulu horrek dio independentzia aldarrikatuko dela, U-1eko emaitzek hala ahalbidetzen badute. Hortaz, Puigdemont hasieran aurreikusitako astelehenaren biharamunean agertuko litzateke, azkenean.
Parlamentu-iturriek azaldu dutenez, Puigdemontek egin du eskaria Kataluniako Parlamentuaren araudiko 169.1 artikuluaz baliatuta.
Generalitatearen presidentearen agerraldietan ez da bozketarik egoten, baina oposizioaren taldeetako iturriek ez dute baztertzen JxSik eta CUPek gai-zerrenda aldatzea; horren xedea izango litzateke independentzia aldarrikatzeko proposamen bat gehitzea (bilkurak bozkatuko luke), ala Puigdemontek bere hitzaldia erabiltzea independentziaren gaineko aipamenik egiteko.
Kataluniako Parlamentuaren Mahaia ostiral honetan bilduko da
Ganberaren Mahaiak, bitartean, ostiral arratsaldean egingo du bilera, 15:30etik aurrera, eta urriaren 1eko erreferendumaren emaitzen gaineko osoko bilkurari helduko dio bertan; hala eman diote jakitera parlamentu-iturriek Europa Pressi.
Auzitegi Konstituzionalak, ostegunean, Puigdemontek astelehenean, hilaren 9an, egin behar zuen agerraldia bertan behera utzi zuen; presidentearen asmoa zen erreferendumaren emaitza eta "horren ondorioak" aztertzea.
Mahaiaren bilera amaituta, aurreikusita dago Kataluniako Parlamentuaren Bozeramaileen Batzarrak egitea bilera; hain zuzen, organo horrek zehazten du bilkuren data eta gai-zerrenda.