Politika -
KATALUNIA
Trapero, Sanchez eta Cuixart aske gelditu dira, kautelazko neurririk gabe
Deklarazioak hasi aurretik, Fiskaltzak dokumentazio berria aurkeztu du eta litekeena da lau auzipetuak berriz deklaratzera deituak izatea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen burua, Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea Auzitegi Nazionalera joan dira, sedizio delitua egotzita deklaratzera. Teresa Laplana Esquadra Mossoen intendenteak bideokonferentzia bidez deklaratzeko baimena zuen, osasun arrazoiengatik. Laurak aske gelditu dira eta Auzitegi Nazionalak ez du lauren kontrako kautelazko neurririk hartu. Dena den, Fiskaltzak dokumentazio berria aurkeztu du eta litekeena da berriz ere epaile aurrean deklaratu behar izatea.
Iturri juridikoek jakinarazi dutenez, Fiskaltzak ez du kautelazko neurririk eskatu lau auzipetuentzat eta guztiak aske gelditu dira.
Guardia Zibila Generalitateko hainbat egoitzatan sartu eta Kataluniako Gobernuko 14 goi-kargudun atxilotu ostean, milaka herritar kalera atera ziren irailaren 20an eta 21ean. Herritarrak ia 48 orduz egon ziren protestan Ogasun eta Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren aurrean, harik eta atxilotuak askatu eta miaketak amaitu arte.
Protesta horien atzean sedizio delitua egon zela iritzita, ikerketa zabaltzeko eskatu zion fiskalak, salaketa bidez, Auzitegi Nazionaleko epaileari. Espainiako Zigor Kodearen 544. artikuluaren arabera, sedizioa ordena publikoaren kontrako delitua da.
Deklarazioak hasi aurretik, Fiskaltzak irailaren 20 eta 21eko protesten inguruko dokumentazio berria aurkeztu du eta litekeena da lau auzipetuak berriz deklaratzera deituak izatea, Auzitegi Nazionaleko iturriek zabaldu dutenez. Hori dela eta, deklarazioak bertan behera uztea eskatu dute hainbat auzipetuk, baina Traperok deklaratu egin nahi zuen eta azkenean deklarazioei eusteko erabakia hartu du Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Teresa Laplana Esquadra Mossoen intendentea izan da epailearen aurrean deklaratzen lehena, eta bideokonferentziaz egin du, osasun arazoak argudiatuta. Auzitegi Nazionaleko iturrien esanetan, Laplanak ez du ia apenas deklaratu bere osasun egoera tarteko.
Josep Lluis Trapero Auzitegi Nazionalera iritsi den unea. Argazkia: EFE
Segidan, Josep Lluis Traperoren txanda izan da. Bera izan da Auzitegi Nazionalera iristen lehena, 08:30ean, eta Mossoen uniformearekin heldu da. Traperok epailearen aurrean azaldu duenez, irailaren 20an mossoek Guardia Zibilaren dispositiboa babesteko izandako jokabidea "zuzena eta beharrezkoa" izan zen kontuan izanda ez zietela aldez aurretik abisatu. Gainera, ukatu egin du inolako deliturik egin izana.
Ohar bidez Esquadra Mossoek jakinarazi dutenez, Traperok epaileari esan dio mossoen jokabidea "zuzena eta beharrezkoa" izan zela egun hartako baldintzak kontuan izanda. Mossoen buruak ziurtatu duenez, ez zieten nahikoa aurrerapenez abisatu eta ez zuten dispositiboa planifikatzeko denborarik izan, ondorioz, dispositiboa unean uneko egoeraren arabera moldatu behar izan zuten. Are gehiago, Guardia Zibilaren operazioaren berri hedabideen bitartez jakin omen zuten mossoek.
Jordi Sanchez Auzitegi Nazionalera iritsi den unea. Argazkia: EFE
Deklaratzen hurrengoak Sanchez eta Cuixart izan dira. Jordi Sanchez ANCko presidenteak bere abokatuaren galderei soilik erantzun die eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko buruak, berriz, ez du deklaratu Fiskaltzak aurkeztutako dokumentazio berriaren zain. Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart 08:50 aldera, bakoitza bere aldetik, iritsi dira Auzitegi Nazionalera.
Irteeran Auzitegi Nazionalaren atarian zeuden kazetarien aurrean Sanchezek eta Cuixartek ziurtatu dutenez, ez dute inolako irregulartasunik egin eta ez diote beraiek epaitzeko eskumenik aitortzen Auzitegi Nazionalari. Bietako inork ez die erantzun fiskalaren galderei; aitzitik, Sanchezek bere abokatuaren galderei erantzun die "Kataluniako hiritarren parte handi baten mobilizazio baketsu baten legitimitatea argi eta garbi uzteko". Haren esanetan, manifestarien artean "ez zegoen Konstituzioaren aurka egiteko inolako asmorik".
Jordi Cuixart Auzitegi Nazionalera iritsi den unea. Argazkia: EFE
Auzitegi Nazionalera iritsi direnean, PDeCat, ERC, EAJ, EH Bildu eta Podemoseko hainbat diputaturen babesa jaso dute.
Trapero, Sanchez, Cuixart eta Laplanari sedizio delitua leporatzen diete, eta, hori dela eta, 15 urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete.