Politika -
Kataluniako erreferenduma
Egoitza Alacantera eramango du Sabadell bankuak
Lekualdaketarekin Europako Banku Zentralaren (EBZ) babespean jarraitzea bermatu nahi du bankuak.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak datozen egunetan aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko aukeraren aurrean, egoitza soziala Alacantera eramatea erabaki du gaur Sabadell bankuaren administrazio kontseiluak ezohiko bileran.
Lekualdaketarekin Europako Banku Zentralaren (EBZ) babespean jarraitzea bermatu nahi du bankuak, edozein agertokitan akziodunen, bezeroen eta langileen interesak babesteko.
Horrela, aurrerantzean sozietate-zerga Alacanten ordainduko du bankuak.
Hala ere, seguruenik Sabadell bankuaren zerbitzu nagusiek (langile asko daude horietan) Katalunian jarraituko dute.
Baliteke Kataluniak astelehenean aldarrikatzea independentzia, eta horrek areagotu egingo luke Europar Batasunetik kanpoko errepublika bilakatzeko aukera. Ondorioz, egoitza bertan duten hainbat bankuren bezeroak kezkatuta daude. Bankutik onartu dutenez, bezeroek kezka hori dute, baina ohi bezala ari dira lanean, eta bezeroek ondo ulertzen dute dena, taldea nazioarte mailako entitatea dela azaltzen dietenean.
11 milioi bezero baino gehiago
Josep Oliu presidente duen taldeak 11 milioi bezero ditu Espainian, Erresuma Batuan, AEBn eta Mexikon. Atzerrian duen negozioa guztiaren % 30 ingurukoa da, eta gainerakoa (% 70) Espainiako negozioa da.
Kataluniak balantzearen % 15 ekartzen dio entitateari.
Sabadellek galerak izan ditu Burtsan, azken egunotan; izan ere, aurreko igandeko erreferenduma egin zenetik, balioaren % 10 baino gehiago galdu du, azken urtean % 22 baino gehiago hazi bada ere. Dena den, ostegun honetan % 3 berreskuratu du Burtsan, Administrazio Kontseiluaren bilera egingo dela jakitera eman dutenetik.