Politika -

PSE-EE-ren Gobernua

Idoia Mendiaren zuzendaritza-batzorde berriak % 85,6ko babesa jaso du

Bigarren aldiz hautatu dute PSE-EEren idazkari nagusi. Jakinarazpenaren ostean, Estatutuan jasota dagoen autogobernuaren alde egin du, baita Konstituzioaren alde ere.

Bigarren aldiz hautatu dute Mendia PSE-EEren idazkari nagusi. Argazkia: EFE.
Bigarren aldiz hautatu dute Mendia PSE-EEren idazkari nagusi. Argazkia: EFE.
PSEren zuzendaritza batzorde berriak batzarkideen %85en babesa jaso du

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia idazkari nagusiak proposatutako zuzendaritza-batzorde berriak 309 boto jaso ditu igande honetan PSE-EEren VIII. Kongresuan, alegia, Bilbon bildu diren batzarkideen % 85,6ren babesa. Hala, Mendia bigarren aldiz hautatu dute PSE-EEren idazkari nagusi.

Zerrenda itxia zen; hortaz, batzarkideek zuzendaritza osoa hautatu behar zuten. Emaitza ondorengoa izan da: aldeko 309 boto, 15 baliogabe eta 37 zuri.

Batzorde Nazionalaren kideak ere hautatu dituzte, % 90eko babesarekin; Etika batzordea (Pilar Arenales izango du buru, berriro ere), % 90eko babesa duela; eta PSOEren Batzorde Federalean PSE-EEk izango dituen ordezkariak (Mikel Torres, Eneko Andueza, Susana Corcuera, Yolanda Diez eta Txarli Prieto), % 87,26ko babesarekin.

Estatutuan jasota dagoen autogobernuaren eta Konstituzioaren alde

Emaitzak jakinarazi eta gero, Idoia Mendiak Estatutuak jasota duen autogobernuaren eta Konstituzioaren alde egin du; gainera, esan du PSE-EE prest dagoela akordio berri baten burua izateko.

Mendiak nabarmendu du autogobernuak eman diola aukera Euskadiri 1979tik hona izandako krisiak gainditzeko, eta, batez ere, EAEko "aniztasuna eta dibertsitatea" bermatu eta "desberdinen arteko elkarbizitza gauzatzeko toki bat" ahalbidetzeko.

"Horretarako, hobetu egin behar da, eta bakarrik sentipenak elkarren aurka kokatzen dituzten legalitateak alde batera utzi beharko lirateke", adierazi du.

Mendiak ez ditu zuzenean aipatu Katalunian izandako istiluak, baina esan du bertako prozesuak islatzen duela porrot bat, alegia, "erakundeak lubakiak balira bezala erabiltzeak eta herritarrak alde batera uzteak dakarten porrota".

Euskal sozialisten idazkari nagusiaren esanetan, "garai txarrak" dira "moderazio eta zentzuaren alde egiteko", bai eta elkarrizketarako deiak egiteko ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Sozialista Idoia Mendia bideoak Aldaketa PSOEn bideoak Alderdi politikoak berriak PSE-EE albisteak Gaurko azken ordukoa