Politika -
Katalunia
Ikasleak grebara deitu dituzte urriaren 1eko erreferenduma babesteko
Gainera, Universitats per la Republica plataformak eta Sindicat d'Estudiants dels Països Catalans sindikatuak manifestazio bat deitu dute ostegunerako, urriaren 1eko erreferenduma babesteko.
Agentziak | Erredakzioa
Universitats per la Republica plataformak eta Sindicat d'Estudiants dels Països Catalans sindikatuak (SEPC) grebara deitu dituzte ikasleak unibertsitateetan eta bigarren hezkuntzako zentroetan, eta manifestazio bat deitu dute ostegunerako, urriaren 1eko erreferenduma babesteko.
Bigarren Hezkuntzako greba asteazkenean eta ostegunean egingo dute, eta unibertsitateetan ostegunean eta ostiralean izango da protesta. Bi mobilizazioek bat egingo dute ostegunean, manifestazio berean.
Autodeterminazio erreferendumaren defentsan, ikasleak antolatzeko beharra dagoela esan du SEPC sindikatuak, eta Bigarren Hezkuntzako gazteen kasua goraipatu du, ez baitute urriaren 1eko erreferendumean bozkatuko, adingabeak direlako.
'Caputxinada 2017'
Universitats per la Republica ikasleek, irakasleek, ikertzaileek eta Kataluniako unibertsitate publikoetako administrazio eta zerbitzuetako langileek osatzen dute. Bartzelonako Unibertsitateko (UB) eraikin historikoan, ekitaldiak antolatu ditu azken egunetan, eta, besteak beste, ikasleek eraikina okupatu dute.
Tailerrak, protesta ekintzak, kanpaina ekintzak eta adituen, pertsona famatuen eta prozesu soberanistako buruzagien bisitak antolatu ditu 'Caputxinada 2017' izeneko ekimenean. Iragan igandean, ezustean, erreferendumeko milioi bat boto-txartel heldu ziren unibertsitatera.