Politika -

Erreferenduma

PSOEk ez du orain baztertzen Katalunian 155. artikulua erabiltzea

Sozialisten Zuzendaritza Iraunkorrak erabaki du balizko ezarpen horren gaineko iritzirik ez ematea; izan ere, 'Gobernuak ere ez du jarrera argirik'.

Oscar Puente (ezkerrean), gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Oscar Puente (ezkerrean), gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.
Oscar Puente (ezkerrean), gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren Zuzendaritza Iraunkorrak erabaki du ez duela iritzirik emango Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua erabiltzeaz; aurreko uztailean, aldiz, Margarita Robles parlamentu-bozeramaileak guztiz baztertu zuen.

Jarrera berri hau argudiatzeko, Oscar Puente sozialisten Zuzendaritzaren bozeramaileak esan du Gobernuak ere ez duela iritzi argirik, eta, hortaz, PSOEk ezin duela ikuspunturik eman 'hipotesi hutsen gainean'.

PSOEren Zuzendaritza Iraunkorraren bileraren ostean esan du; prentsaurrekoan, behin eta berriz eskatu zaio argitzeko ea haren alderdiak babesten duen 155. artikulua erabiltzea. Azken horren xedea izango litzateke Espainiako Gobernuak Kataluniakoaren hainbat eskumen bere gain hartzea.

'PSOEk ez du ezer esango hipotesi eta balizko egoerez', esan du Puentek; halaber, zehaztu du sozialistek ‘baldintzen araberako jarrera’ hartuko dutela, Gobernuak Kataluniaren gainean hartuko dituzten neurriei dagokienez.

'Estatu-jarrera'

Dagoeneko hartutako neurriei buruz, Generalitateko kontuetan esku hartzea kasu, onartu du 'batzuk gehiago gustatzen zaizkigula, eta beste batzuk gutxiago'; dena den, alderdiak erabaki du 'horiek ez ebaluatzea, Estatu-jarrerari eutsi nahirik'. PSOEk espero izango luke babes hori bera sozialistak Gobernuan izango balira.

Hain zuzen, esan du sozialistek 'kritika litzaketeela' neurriren bat, 'baina ez dugu egingo, Estatuaren interesari lehentasuna ematen baitiogu'; esan duenez, Rajoyren Gobernuaren estrategiarekin alderatuta izan ditzaketeen iritzi desberdinez haratago doa interes hori.

Esan duenez, bi kontu desberdin daude: alde batetik, urriaren 1eko erreferendumaren kanpainaren barneko ekitaldi publikoak, legez kanpokoak direnak (epaitegiak haien aurka eri dira egiten); beste alde batetik, adierazpen-askatasunak babesten dituen ekitaldiak, PSOEk errespetatzen dituztenak.

Komunikabideen aurrean hitz egiten ari zela, Unidos Podemosek jakitera eman du zer eskaintzen duen Kataluniako auziari irtenbidea emateko; hain zuzen ere, kargu publikoen asanblada bat sortzea proposatu du, PPk Katalunian hartu dituzten neurrien aurkako frontea sortzeko asmoarekin.

Puentek nabarmendu du Podemosek 'kritika zorrotza' egiten diola Rajoyren Gobernuari, baina ez horrenbeste Kataluniakoari; horixe botatzen dute faltan sozialistek.

Adostutako eta baldintzak dituen erreferendum bat 'ez da errealista'

Kataluniako egoerari irtenbidea emateko adostutako eta baldintzak dituen erreferendum baten aldeko apustuaz galdetu diotenean, esan du proposamen hori ez dela 'errealista'; besteak beste, Konstituzioa berritu beharko litzatekeelako, eta horretarako PPren babesa beharko litzatekeelako, katalanek erabaki zezaten 'Espainian jarraitzea, ala bertatik alde egitea'.

'Inork uste al du PPk onartuko duela subiranotasun nazionala zatitzea', galdetu dio bozeramaile sozialistak bere buruari; halaber, argi utzi du PSOEk ere ez duela hori onartzen, Konstituzioak gogorarazten baitu Espainiako herritarrek dutela aipatutako subiranotasuna.

Santi Vila Kataluniako Gobernuaren kontseilariak egindako adierazpenak ere izan ditu hizpide; esan duenez, urriaren 1ean hautetsontziak jartzeari uko egin dioten alkateen jasan behar duten presioa 'guztiz jasangarria da'.

Puentek esan du ezin dela onartu, demokrazia batean, alkateak jasotzen ari diren presio horri larritasuna kentzen saiatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika PSOE Kataluniako erreferenduma gaur Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak