Politika -
Katalunia
Guardia Zibilak U-1eko webgunea itxi eta Generalitateak berriz zabaldu du
Webguneak ixtea “Konstituzio aurreko dinamika” bat dela salatu du Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak. Turullen hitzetan, “Turkian bakarrik gertatzen da”.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak independentzia erreferendumaren webgune ofiziala itxi du gaur, baina gutxi geroago Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak beste bi domeinu zabaldu ditu atarira sartzeko.
Guardia Zibileko iturriek jakitera eman dutenez, guardia zibilak Malgrat de Marreko (Bartzelona) CD Mon enpresan sartu dira eta erreferendumaren webgunea ixteko epailearen agindua entregatu dute. Konpainiak agindua bete du.
19:00ak aldera, referendum.cat webguneak funtzionatzeari utzi dio. Hala ere, ia aldi berean, Generalitateak bi esteka berri jarri ditu martxan.
Webgunearen lekualdaketaren berri eman du Puigdemontek txioen bidez: "Referendumaren webgunea beste helbide batean dago. Esteka honekin sartu: ref1oct.cat", idatzi du presidenteak, eta ondoren erantsi du: ref1oct.eu helbidean ere aurkituko duzue. Jende asko bi domeinuetara sartzen dabil."
Kataluniako Gobernuaren beste kide batzuk, Oriol Junqueras presidenteak edo Jordi Turull bozeramaileak, besteak beste, esteka berriak zabaltzen lagundu dute Twitter sare sozialean.
Madrilen, Diada ospatzeko ekitaldi batean parte hartu baino lehen, webguneak ixtea "Konstituzio aurreko dinamika" dela salatu du Turullek. Bozeramailearen hitzetan, "Turkian bakarrik gertatzen da", baina prozesu independentistaren "tsunami demokratikoa" gelditzea ez dute lortuko.
Alerta Solidariak martxan jarritako ataria. Irudia: EiTB
Webgunearen itxiera Kataluniako Fiskaltzak eskatutako kautelazko neurria da, iragan astean Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aurrean Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen eta Kataluniako Exekutiboko gainerako kideen aurka aurkeztutako kereilan.
Guardia Zibilak webgunea itxi du, Bartzelonako Juan Antonio Ramirez epaileak aginduta.
Santiago Vidal ERCko senatari ohiaren hitzaldien harira, auzia zabaldu zuen Ramirez epaileak martxoaren 3an. Generalitateak urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko eta Estatu egiturak sortzeko 400 milioi prest zituela jakinarazi zuen Vidalek.
Ikerketa horretan, urriaren 1eko prestakuntzan inplikatutako Generalitateko goi-kargudun ugari deklaratzera deitu ditu Ramirez epaileak.