Politika -
Erreferenduma Katalunian
Guardia Zibilak inprimategi bat miatu du, erreferendumerako agiri bila
Enpresaren abokatuak esan du Guardia Zibilak ez duela ezer aurkitu. Hiru orduz miatu dute inprimategia.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibila Constantí (Tarragona) udalerriko industrialdean dagoen inprimategi batean sartu da, urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako dokumentazioa bertan inprima lezaketelakoan. Bi egunez aritu da Guardia Zibila inprimategian zainketa lanak egiten.
14:30 aldera, Guardia Zibilaren bi talde atzeko atetik sartu dira inprimategian. Miaketa 17:30 inguruan amaitu da.
Nolanahi ere, Tomas Gilabert Indugraff Offset S.A. enpresaren abokatuak jakinarazi du Guardia Zibilak ez duela ezer topatu eta, ondorioz, esku hutsik joan dela bertatik.
Jose Manuel Maza Estatuko fiskal nagusiak erreferenduma egiteko beharrezkoa den material guztia atzemateko agindua eman die Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari nahiz Esquadra Mossoei. Beraz, erreferenduma galarazteko testuinguruan egindako polizia-operazioa da gaur burututakoa.
Tarragonako Fiskaltzak eman du inprimategian sartzeko agindua. Guardia Zibila bi orduz egon da lantegian eta kutxak eta paletak arakatu ditu, baina ez da bulegoetan sartu, Gilabertek zehaztu duenez.
"Ez dute ezer aurkitu, ezer ez zegoelako", azpimarratu du.
Komunikabide digital batean argitaratutako akta baten ondotik erabaki du Tarragonako Fiskaltzak inprimategia miatzea.
Abokatuak ziurtatu du inoiz ez dutela Vallseko edo beste herriren bateko udalen agindurik jaso erreferendumerako materiala inprimatzeko.
"Agenteak kutxa batekin sartu dira inprimategian eta kutxa horrekin atera dira bertatik; miaketak egiteko erabiltzen dituzten produktu kimikoak zeramatzaten kutxan", azaldu du.
Bestalde, Indugraf Offest enpresak oharra bidali du Guardia Zibilak "ezer berezirik" topatu ez duela baieztatzeko.
Guardia Zibilak inprimategia "kontrolatzeari utzi" diola esan du eta bezeroei eta hornitzaileei eskerrak eman dizkie "erakutsitako pazientziagatik".
Era berean, azken egunotan jasotako elkartasuna eta babesa eskertu du.