Politika -
Kataluniako erreferenduma
Hauteslekuak utzi beharko dituztela jakinarazi diete alkateei
Kataluniako Gobernuak esan die 48 ordu dituztela hauteskunde egunetan erabiltzen diren ohiko hauteslekuak lagako dituzten berretsi edo edozein aldaketa edo kontrako argudio jakinarazteko.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras presidenteordeak gutun bat bidali diete Kataluniako alkateei urriaren 1eko erreferendumean ohiko hauteskundeetan erabiltzen diren hauteslekuak laga beharko dituztela jakinarazteko. Horretarako, 48 ordu eman dizkiete hauteskunde zentroak lagako dituzten berretsi edo edozein aldaketa edo kontrako argudio jakinarazteko.
Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez, Puigdemontek eta Junquerasek sinatu dute gutuna, eta Kataluniako Parlamentuak erreferendumerako deialdia sinatu eta berehala bidali zuten.
Kataluniako Gobernuak azaldu duenez, indarrean dago jada erreferendumaren legea, eta horrek ezartzen duenez, udalek Gobernuaren esku jarri behar dituzte hauteskundeetarako erabiltzen diren ohiko hauteslekuak.
Alkateek hauteskunde zentroak uzteko inolako eragozpen jarri edo uko egingo balute, Kataluniako Gobernuak "bozkatzeko ordezko tokiren bat ezarriko du", gutunean jakinarazi dutenez, herritar guztien parte-hartzea bermatzeko asmoz.
Era berean, gaur egun "erreferenduma arautzeko eta bermatzeko salbuespenezko araubide juridikoa" dago indarrean eta kargu publikodunek hori bete behar dute, Kataluniako Gobernuak gutun horretan azaldu duenez. Hala ere, azken hauteskunde autonomikoetan, 2015eko irailaren 27an, erabilitako hautesleku guztiak erabiltzeko asmoa dutela iragarri du.