Politika -
U-1
Generalitateak erreferenduma egingo du, nahiz eta Konstituzionalak debekatu
Turullek ohartarazi du Kataluniako Parlamentuaren agindua bete egingo dutela, horrek sor ditzakeen ondorio guztiekin.
agentziak | erredakzioa
Jordi Turull Kataluniako Gobernuaren bozeramaile eta Presidentzia kontseilariak ohartarazi du Generalitateak entzungor egingo diola Auzitegi Konstituzionalari Erreferendum Legea baliogabetzen badu, eta Kataluniako Parlamentuaren "agindua bete" egingo dutela, horrek sor ditzakeen "ondorio guztiekin".
Junts pel Sik eta CUPek urriaren 1a baino lehenago onartuko dituzte bai Erreferendum Legea bai Iragankortasunerako legea, independentziaren aldeko jarrera gailenduz gero, marko juridiko berria ezartzeko.
Auzitegi Konstituzionalak Erreferendum Legea baliogabetuko balu Generalitateak nola jokatuko lukeen galdetuta, Turullek argi erantzun du: "Ziurtatu egiten dizuet Gobernua erabat leiala izango dela Parlamentuak ematen digun aginduarekin. Parlamentuaren agindua beteko dugu, ekarriko dituen ondorio guztiekin".
Turullek salatu du "Konstituzionalaren prentsaurrekoak ministroak" egin ditzakeela, auzitegia politizatuta dagoelako.
"Herritarren eta Parlamentuaren mende gaude. Ez gara desobedientzia edo obedientzia jarrerengatik mugitzen, zeren argi duguna da herritarren eta Parlamentuaren agindua dela bete behar duguna, hori baita demokrazia", adierazi du.
"Inork ez dezala sufritu. Erabatekoa da erreferenduma egiteko erabakia, eta U-1ean herritarrek bozkatu egingo dute. Denbora nahikoa izango da bozkalekuak non izango diren azaltzeko, eta jendeak informazio zehatza eta perfektua izango du", berretsi du.