Politika -

Katalunia

Kataluniako Parlamentuak zerga kodea onartu du, deskonexiorako lehen legea

Junts pel Sik (JxSi) eta CUPek horren alde bozkatu dute. Etorkizun hurbil batean “Kataluniako Ogasun propioa” sortzera begira oinarriak finkatzen ditu.

Kataluniako Parlamentua. Argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua. Argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak ogasun sistema propioa aurreikusten duen legea onartu du ostiral honetan, Junts pel Si (JxSi), CUP eta Germa Gordo Justizia kontseilari ohiaren aldeko botoekin. Etorkizun hurbil batean “Kataluniako Ogasun propioa” sortzera begira, gaur onartutako zerga kodea “Estatu estruktura” horren oinarria izango litzateke. Legegintzaldiaren hasieran “deskonezioarako legeen” artean aurkeztu zuten lege hori, eta gaur egun Kataluniako eta estatutuko eskumenak urratzen ez dituen arren, Kataluniak independentzia aldarrikatuko balu garatuko lukete.

Ildo horretatik, gaur “Estatu estruktura baten oinarriak” jarri dituztela nabarmendu du Maria Senserrich Junts pel Si alderdiko diputatuak. Goizean Bartzelonako França geltokian  izandako tren istripua dela eta eztabaida hasita zegoenean iritsi da Kataluniako Parlamentura.

Ostiral honetan onartutako zerga kode horren bidez, neurrizkoa den ogasun sistema propioa sortu nahi dute Katalunian. Arrazoi horregatik, zenbait arlotan eskumen gehiago ematen dizkio  Kataluniako Zerga Agentziari, finantzan eta ondasun gaietan, besteak beste.

Halaber, Espainiarekiko deskonexiorako lege horrek Kataluniako Fiskalen Kontseiluaren sorrera aurreikusten du. Fiskalitatearekin zuzenki lotutako gaietan erakunde horrek izango luke aholkuak emateko ardura nagusia. Era berean, alor horren inguruan egiten den eztabaidan erreferentzia izan nahi duen Kataluniako Zergen ordainketen Azterketa eta Ikerketa Fiskalaren Institutuaren sorrera aurreikusten du.

Kataluniako Parlamentuak legea onartu ostean egindako agerraldian, “etorkizunean ogasun sistema propioa ezartzeko oinarriak” jartzen dituela azpimarratu du Lluis Salvado Kataluniako Gobernuko Ogasun idazkariak. Era berean, “iruzurraren kontrako agentzia baten lehen urratsa” dela  gaineratu du, eta zergadunekiko “gertukoagoa” izango dela ziurtatu du.

Kataluniako Parlamentuan egindako eztabaida saioan, Antonio Espinosa Ciudadanoseko diputatuak ohartarazi du arau hori “independentziaren alde daudenen esku dagoen tresna” dela, eta deskonexiorako lege horrekin “diru asko balio duen estruktura handi bat” eraiki nahi dela kritikatu du.

Bestalde, Santi Rodriguezek (PPC) salatu du Kataluniako Zerga Agentzia ez litzatekeela eraginkorra izango. Hala, urriaren 2an aldaketarik gabe jarraituko dutela ohartarazi die independentziaren alde dauden alderdi politikoetako diputatuei.

Alicia Romero PSCko diputatuak berretsi du Kataluniak ez duela zerga kode propiorik behar. Horren ordez, estatutuak ematen dituen eskumenen inguruko lege bat garatu beharra dagoela esan du.

PPC eta Ciudadanos ez bezala, PSC eta CSQUC testua prestatzeko bileretan izan ziren  JxSi eta CUPekin batera. Alabaina, zenbait emendakin aurkeztu zituzten.

Beste alde batetik, Eulalia Reguant CUPeko diputatuak azpimarratu du ogasun sistema propioa aurreikusten duen legea aurrerapauso garrantzitsu bat dela, baina Kataluniako banku zentrala sortzea faltan bota du. Gauzak horrela, zerga kodea garatu beharra dagoela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua argazkiak Espainia albisteak Eguneko albisteak